Gasteizko jaiak

Arabiar azoka bat Gasteizen

Arabiarren eta euskaldunen arteko topagune bihurtu da Gasteizko jaietako Arabiar Azoka. Inoiz baino postu gehiago daude Francisco Juan Ayala plazan.

Arabiar azoka bat Gasteizen.
unai etxenausia
Gasteiz
2023ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Kebab tradizionalak, kuskusa, te arabiarra... Usaimena, dastamena eta ikusmena erotzeko leku aproposa da. Ez dirudi Gasteiz: Marokoko merkatu tradizional baten antza dauka gehiago. Saltokietako saltzaileek ere arabiar kulturan ohikoak diren arropekin artatzen dituzte bisitariak. Gasteiztarrek eta arabiarrek bat egiten dute Francisco Juan Ayala plazako Arabiar Azokan.

Euskal Herriko jai guztietan ia berdinak diren ekitaldiez gain, munduko kultura batzuk ezagutzeko guneak ere aurki daitezke hiritik irten gabe. Hain justu, Arabiar Azoka da jaietako gune garrantzitsu eta berezienetako bat. Saltoki gehienetan janaria bakarrik saltzen duten arren, dekorazioa, larruzko arropak eta higiene produktuak saltzen dituztenak ere badaude.

Janari saltokiak dira nagusi plazan, baina eskulangileen postuak ere badaude. Oholtza lekuz aldatu dute aurten, eta inoiz baino saltoki gehiago daude. Gunea txukun apainduta dago, arabiar tela klasikoekin. Jaietako kaosetik urruntzeko joan dira asko; izan ere, plazan daudenek aurkitu dute behar zuten lasaitasuna. Zentzumenak astintzeko unea da haientzat.

Eguerdiko hamabietan ireki dituzte lehen saltokiak, gasteiztar asko ateratzen diren orduan, hain justu. Jendea hasi da pixkanaka saltokietara gerturatzen.

Azokaren hasieran dago Abdellatif Madih gazte marokoarra, haren anaia gazte eta gurasoekin batera. Tea eta pasta arabiarrak saltzen dituzten saltoki bat daukate, eta edonora eraman daitekeen taberna bat dirudi. Badirudi gasteiztarrek gogoko dutela gozoa, inoiz baino pasta gehiago saldu baitituzte aurten: «Jende asko etorri da egunotan. Aurten, bereziki eskertzen dugu gasteiztarrek eman diguten berotasuna». Urtero etortzen dira Gasteizko azokara, eta urtero argi izaten dute datorren urtean itzuliko direla.

Oholtza parean dago Aljeriako Munir Ahmaden saltokia. Kebaba, kuskusa, falafela... askotariko eskaintza dauka bere karpa txikian. Oraindik ez zaio inor gerturatu, goiz baita bazkaltzeko, baina dena prestatzen ari da. «Azkar eta goxo» zerbitzatzeak bereizten baitu beste saltokietako saltzaileengandik. Jendeak asko apreziatzen du haren janaria, eta eskertzekoa da hori: «Izugarri estimatzen dut jendeak nire kebaba hainbeste disfrutatzea. Hemen ez dute goserik pasatuko».

Oraindik goiz bada ere, gasteiztar asko dabil plazan bueltaka. Azokara iritsi berri da Iratxe Gonzalez. Plaza ondoan bizi da, eta askotan igaro da bertatik jai guztietan zehar. Saltokietara begira dago, baina ez du ezer erosiko. «Egunero pasatzen banaiz ere, ez dut ezer hartuko orain. Normalean, gauean etortzen gara lagunok, parrandan irten aurretik zerbait jatera». Izan ere, urdaila betetzen duten elikagaiak daude azokan, edaten hasi aurretik jateko aproposak.

Guztientzat da

Badirudi ahora zerbait eramateko ordua iritsi dela kalez kale jai giroaz gozatzen ibili direnentzat. Haragi usaina dario plazan zabaltzen ari den keari. Itzalean eta eserita bazkaltzeko haimak daude, eta han bildu dira asko. Bezeroen artean, kultura ezberdinetako pertsonak antzeman daitezke.

«Guztiok gozatzen dugun leku bat bada ere, ederra iruditzen zait Gasteizko arabiarrek beren kulturaz gozatzeko leku bat izatea. Komunitate erraldoi bat dago hirian»: Gonzalezi hori iruditzen zaio «ederrena», jaietan akotariko guneak egotea.

Madih saltzaileak ere beti eskertu du Gasteizko arabiar komunitatearen harrera. «Oso garrantzitsua da horrelako zerbait izatea. Elkargune berezia da, eta merezi du bertaratzea». Hala ere, orokorrean arabarrek emandako tratua eskertu du, «arabiarrak izan ala ez».

Beste leku batzuetan aurkitzen ez duen horren bila joan da jendea plazara. Arabiarra denak etxea bilatzen du bertan; arabiarra ez denak, berriz, ezagutu egin nahi du. Kulturen arteko transmisioa ardatz izanik, dena nahasten da Gasteiz erdi-erdiko arabiar azokan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.