Mendi ibilaldia

Araitz ibarrean. Santa Barbara eta Urkieta

Araitz ibarrean. Santa Barbara eta Urkieta.
  • Herrialdea: Nafarroa
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Arribe, Malkor Haundi, Muxeo, Urkieta
  • Distantzia: 14,5 km.
  • Iraupena: 4 ordu eta 45 mn.
  • Ingurunea: Aralarko Malloak gibelean utzi eta Gorriti bitarteko tontor segida igoko dugu, Araitz ibarrean.
  • Estekak: Ibilbidea
ASIER AGIRRESAROBE-MUSKILDA TELLABIDE
2007ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Araitz ibarreko Arribe aukeratu dugu ibilbideko abiapuntutzat (220). Baina Aralarko Malloek osatzen duten hormatzar maldatsuetara ez gara abiatu, ezta haien altzoan babesten diren herrixkatara ere; Araitz, Larraun eta Leitzaran ibarren artean zutitzen den mendi multzora abiatu gara, pagadiz eta larrez estaliriko muino biribilduak dituzte, eta tontor nahiz amildegi harritsu itzelak ere badituzte. Azken hauetako bi ezagutu ditugu: Santa Barbara eta Urkieta.

Araxes ibaia zeharkatzen duen zubitxoa igaro eta San Migel parrokia dugu aurrez aurre. Berau gainditzeko elizako dorrepeko igarobideaz baliatu gara, originaltasun handiko arku zorrotz dotorea, hain zuzen. Berehala eskuinera hartu, Arribeko azken etxeak utzi, eta nabarmen maldan gora abiatzen den bideari ekin diogu. Pista zabalak, porlanezkoa hasieran, hainbat bihurgune eman ditu Sasain mendiaren bizkarreko gainetara irten aurretik. Bidegurutze batera heldu gara, non Ubara joateko ezkerrera eta Gorritira joateko eskuinera jo behar dela adierazi zaigun. Iritsitako pista beretik aurrera Ubarantz abiatu gara, hainbat bordaz osaturiko auzoa da. Metro gutxira, ordea, bide nagusia utzi, eta eskuinera abiatzen den bide estuari eutsi diogu. Zidor zahar jatorrak, emeki-emeki altuera irabaziz, Ubako hainbat borda eta belaze artean egin du aurrera, belazeak mugatzen dituzten hurritzez beteriko harresien artetik. Santa Barbarako malkar arrokatsuen oinetik igaro eta hainbat bihurgune marraztuko ditu ondoren, Artegietako lepo zabal belartsura irten aurretik (705).

Mugalerro den langa igaro eta Larraungo udal barrutian sartu gara, handik abiatzen baita Santa Barbarara eraman gaituen bidea. Begi bistan dugu Gorritiko herrigunea, baita Iruñea Donostiarekin lotzen duen A-15 autobia ere, Araitz ibarretik ordubete pasatxo igotzen daramagun arren. Harrabotsa sekulakoa, paraje trankilak izango ziren, bada, horiek autobia iritsi aurretik! Porlanezko bidean behera Gorritirantz jaitsi ordez, eskuinera diagonalean abiatzen den bideari heldu diogu, laster, Gorrititik datorren bidera irteteko. Hortik gora egitea besterik ez dago, gaina menpean duen Santa Barbara ermitara iristeko (853 m). Aurri zorian zegoela-eta, 1993an gorritiarrek erabat berritu zuten, eta santak, kondairak dioen moduan, inguruko alorrak tximista eta harri txingorretik babesten jarraitzen du. Malkar handiak ditu tontorrak alde guztietatik, igo garen isurialdetik batik bat, Araitz ibarrerantz. Aralarko Malloak, Elosta, Mergelu, Guratz eta jarraian igotzeko asmoa ditugun Muxeo eta Urkieta dira gertuen ditugun tontorrak.

Ikuspegiaz ase, arestian igarotako harratera jaitsi gara (705). Beherakoan, baina, Ezurmendi izeneko parajean 2005ean jarri zuten oroitarria bisitatu dugu, non bidazti edo mendizaleari Gorritiko historiaren zati txiki bat oroitarazi nahi zaion. Atzera langa gurutzatu eta larre soilduetan zehar-zehar Pagozelaietako lepora iritsi gara, eskuinean goian hainbat ehiztari aterpe utziz (730). Daramagun bideak lehen muinoa ezkerretik inguratu duen moduan, ondoren datorren Muxeoko tontor bikoitza ere, hala inguratzen du, Urkietako lepora iristeko. Guk, ordea, eskuinera hartu eta bizkar soilduan gora igotzeari ekin diogu, bi tontorrak atzean utzi (810), mendi-adar egokian behera egin, eta Urkietako lepo belartsuan amaitzeko, bazkan dabilen behor talde baten ondoan (670).

Maldan ia berrehun metro ditugu gainditu beharrekoak gandorra irabazteko. Bidezidor lauso batek lagundu digu lan horretan. Gora iritsi baino lehen, soilgunetik lehen pagadira iristean, eskuinera abiatzen den zidorra jarraitu dugu, eta bi tontor nagusien artean zabaltzen den lepora zuzenean iritsi gara (820). Ehiza parada zenbait atzean utzita, gandor harritsuan gora tontor nagusira ailegatu gara azkenik. Urkieta edo Urdangarate izenez ere ezagutua (858), ikuspegi aparta eskaini digu talaia ezezagun horrek ere.

Beherako bidean, igo bide beretik Urkieta lepora jaitsi gara lehenik. Bisita laburra izan da egin dioguna, eta berehala nagusitu da, berriro, bakardadea eta isiltasuna. Lepotik behera hegoalderantz jo dugu, beheko pagadian ikus daitekeen belardiaren ondoan dauden borden bila. Zuzen dabil daramagun mapa, han topatu baititugu Urkietako hiru borda zaharrak (540), malda handiko bizkar batean kokaturik. Aspaldi da erabiltzen ez dituztela. Behera jarraitu beharrean, ekialdera abiatzen den bide estu eta lausoa hartu dugu; behera egin ahala zabalduz joan eta errekazoko batera iritsi da. Beste isurialdean, etengabe behera jarraitu du bideak, behin bizkarra gaindituta bigarren errekazokora zuzentzeko. Bihurgunea hartu eta errekaren eskuin ertzetik behera jarraitu dugu, harik eta borda zahar pare bi atzean utzi eta Atalluko zentral hidroelektriko izan zenera iritsi arte. 1924an martxan jarria, egun hondakina besterik ez da. N-240 errepidera iritsi eta Araxes ibaiertzean gora Arriberaino joango gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.