Araizko kulturaldia

Kultur ekitaldi andana egiten ari dira egunotan Nafarroako bailaran, eta abenduaren 18ra arte iraungo du ekimenak

Erredakzioa
2010eko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Abenduarekin batera, kultura ekitaldiz beteriko asteak heltzen dira Nafarroako Araitzera. Hitzaldiez,antzerkiaz, ikus-entzunezkoez, musikaz eta bertsoez gozatzeko aukera dago hainbat herritan.

Gaur, 21:00etan, Araizko udaletxean (Arribe), diapositiba emanaldia eskainiko du Ainara de Carlos bidaiazaleak, Etiopia: tradizioa eta aniztasuna Afrikako bihotzean izenburupean.

Ostegunean, Teknologia berriak eta gizarte sareak, Facebook, Tuenti hitzaldia emango dute, 17:00etan, leku berean, Gizarte Zerbitzuek antolatuta. Ondoren, Ander Lipusek eta Karabanak antzerkia taularatuko dute.

Ostiralerako, kantaldia antolatu dute Lekunberriko kiroldegian, Aralar Kantuan.

Larunbatean, jai giro tailerra egingo dute Gaintzan. Umeei eskulanak egiten irakatsiko die ANIk. Atallun, 21:30ean, Zazpi astoren gainean bertso saioa entzun ahalko da herri afariaren ondoren.

Hurrengo astean etenaldi txiki bat izango dute ekitaldiek, baina 17an, ostiralean, musikarekin itzuliko da jaialdia. Leitzako Jaiki abesbatzak emanaldia eskainiko du Uztegiko elizan. Larunbatean, abenduaren 18an, Etxetik plazara kantuz ekitaldia eginko dute Lezaetako elizan, 20:00etan, Ibane eta Naiara Sarasak, Oskar Estangak, Ane Irazuk, Mirentxu Eskarmendik eta Sorkunde Sotilek.

KULTURALDIA

Noiz. Abenduaren 18ra arte. Araitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.