Mundu osoan biran ibili zenean Eleizegi Erraldoia esaten zioten arren, Euskal Herrian ezagunagoa da Altzoko Handia ezizena haren familia izena baino. Izan ere, Migel Joakin Eleizegi Arteaga (Altzo, Gipuzkoa, 1818-1861) handia zen oso: 2,41 metro garai, orduko azken neurketen arabera. Ospe handia izan zuen horregatik, eta jende askok ezagutu zuen Europa osoan. 43 urte zituela hil zen, jaiotetxean, biriketako tuberkulosi baten eraginez, eta Altzoko hilerrian lurperatu zuten.
Orduz geroztik, hilobitik haren hezurrak lapurtu dituzten ustea zabaldu izan da, herritar batzuek esan zutelako haren hobian ez zegoela ezer. Zenbaiten ustez, Londresko laborategi batean daude gordeta. Beste batzuek, ordea, uste dute oraindik lurperatu zituzten lekuan daudela. Aranzadi zientzia elkarteak behin betiko argitu nahi du zalantza, eta ikerketa bat abiatu du Altzoko hilerrian bertan. «Haren familiakoen gorpuak atera beharko ditugu, ondo identifikatu, eta gehiago begiratu, eta ea haren arrastoak aurkitzen ditugun», adierazi dio Leire Mendiluze mediku eta Aranzadiko kideak BERRIAri. Biharko egunkariak emango du espedizioaren berri.