«Bizitzaren amaieran zeinen ahulak garen onartu behar dugu». Guztiz medikalizatutako osasun sisteman, hiperteknifikazioan oinarritutako mediku jardueretan, arlo psikologikoa maiz bazter uzten dela sentitzen du Javier Barbero psikologoak (1961, Burgos, Espainia). Madrilgo La Paz erietxean dihardu berak lanean, hilurren dauden gaixoei eta haien senideei arreta eskaintzen. «Ez orbanik gabe». Atzo Donostian mintzatu zen, Matia fundazioak eta La Caixak antolatutako Berrikuntza zainketa aringarrietan: arreta psikologikoa, emaitzak eta ebaluazioa topaketan.
Hilurren dauden eriekin egiten duzu lan. Gaitz larria duen eriak jakiteko eskubidea du. Baina baita ez jakitekoa ere, ezta? Nola erabaki?
Egoera ondo aztertuz. Gaixoari jakin nahi duen guztia esan behar zaio, baina soilik jakin nahi duena. Eduki nahi ez duen informazioa ematea bezain txarra da, jakin nahi duen zerbait ukatzea.Gaixo askok ez dute jakin nahi izaten; soilik erietxean zenbat denbora egongo diren jakin nahi izaten dute, zer tratamendu jarriko zaien. 'Gainerakoa esaiozu nire emazteari', esaten dizute. Beste askok hasieran ez dute jakin nahi izaten, eta gero galdezka hasten dira.
Eta familiarekin nola jokatzen da?
Hemen, mundu latinoan, senitartekoei informazio guztia ematea izaten da ohitura, erien baimen esplizitu edo inplizitua egoten delako. Arazoa maiz izaten da senitartekoek ez dutela nahi izaten eriari informazioa ematea; isilik egoteko konspirazioaren alde egiten dute. Egoera horiei aurre egiteko protokoloak ere baditugu. Familiek sarri pentsatzen dute gu itsututa gaudela eriari informazio guzti-guztia ematearekin, eta nik beti esplikatzen diet helburua ez dela gaixoari informazioa ematea, haren ongizatea lortzea baizik. Informazioa emateak ongizatea kentzen badio, ez diot emango. Baina hori eriak erabakitzen du; horregatik, gakoa hari begira egindako lana izaten da.
Zenbaitetan -esaterako, Alzheimerrak jotako gaixoen kasuan-, heriotza astiro heltzen da, urteak iraun dezakeen prozesu luze eta zail batean. Nola jokatu horrelakoetan?
Antzekoa da. Baina etengabeko sufrimenduaren esperientziari egin behar zaio aurre kasu horietan. Ez da gauza bera pertsona bat ehun metroak lasterka egiteko prestatzea, edo maratoirako; horixe bera da. Kasu horietan aparteko garrantzia du, besteak beste, kanpoan laguntza bilatzeak, balioetan sakontzeak, etxe barruan erantzukizunak banatzeak eta erruaren esperientziarekin ere lan egiteak.
Oro har, zein izaten da diagnostiko txar baten aurreko erreakzioa?
Tira, beti dira albiste txarrak, baina ezin dugu ahaztu pertsonok egokitzeko gaitasun izugarria dugula. Horretarako, ordea, laguntza egokia behar dugu. Arazoa zera da, minbizi baten gaineko berria erietxe bateko korridorean ematea, eta albistea eman eta alde egitea, eria bakar-bakarrik uztea. Zuk ordurako egoera aztertu baduzu, ordea, bere erreakzioa aztertzen baduzu, laguntza izango duela esaten badiozu,zaintzarako estrategiak ematen badizkiozu eta esaten badiozu bazter batean ez dela geratuko...
Ezberdina da, noski. Baina osagileak prest daude modu horretan jokatzeko?
Oro har, ikasketetan ez dute horretarako prestakuntzarik jaso, ez zaie estrategia egokirik eman, eta horregatik da garrantzitsua haiek alboan beste arlo batzuetako profesionalen laguntza izatea. Ezin dugu ardura guztia medikuen esku utzi; sistemak berak du egoerari aurre egiteko erantzukizuna.
Nola prestatzen da eri bat hiltzeko?
Duen informazioaren araberakoa da hori. Amaitzera doala badaki, gaixoa agur esateko prestatzea komeni da, alor espiritualean ere prestatzea komeni da, era erlijioso edo bestelakoan. Guk asko lantzen dugu hori; eriak eskubidea du bizi honetan egin duen bideak merezi izan duela sentitzeko, eta horretarako, zenbaitetan, laguntza behar du.
«Arazoa minbizi baten berria korridore batean ematea da, eta eria bakar-bakarrik uztea»
Hilurren dauden gaixoekin lan egiten du, erietxe batean; sufrimendua saihestezina denean hari bizkarrik ez zaiola eman behar dio, eta oinazea arintzen egin behar dela ahalegina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu