Atekaitza
Errobi ibaiaren bazterrean, Itsasuko (Lapurdi) lurretan dago kondairak bereganatu duen Atekaitza. Kondairak dio euskaldunek han eraso egin ziotela Carlomagnoren armadari eta Errolan garaitu egin zutela. Geroztik, Errolanen ateka deitzen dute frantsesez harkaitzean naturak zizelkaturiko ate gaitza. Errolanen zaldiak harkaitzari ostikoa eman eta Errobi ibaiari bidea ireki ziola dio kondairak. Kondairaren xarma edo turistentzako amu, toki paregabea da Atekaitza.
Baionatik Kanbora doan errepidean eskuin egin eta Itsasura sartuz, aitzinako bidezidorrari segiz heltzen da Atekaitzara.Artzamendirako bidean naturak zizelkaturiko pausaleku paregabea da Atekaitza. Urteak pasatu ahala, aspaldiko bidezidorra herriko errepide bihurtu dute ibaiaren saihetsean. Naturak finkatu ditu muga: batetik, ibaiaren arroa, eta, bertzetik, mendia, harkaitza. Tartean pasabide hertsia baino ez da gelditzen, doi-doi auto bakarra pasarazteko. Turismoaren zirimolan bizi den eskualdean ez dira autoak falta, bereziki uda aldera.
Idatzirik ez dagoen araua baliatzen dute, halabeharrean, turistek. Mendiari metroak janez aldian-aldian egin dituzten zabalguneak baliatzen dituzte auto bat gelditu, eta aitzinetik datorrenari tokia uzteko. Norbaitek araua ulertu ez, eta bidea erabat trabaturik utzi arte. Horrelakoetan, auto lerro osoak egin behar du gibelera, parekoak pasatzeko. Eta udan ehunka dira egunero bazterrak bisitatzen dituzten turistak.
Toki hezea da, eta zuhaitzek itzalez betetzen dituzte bazterrak, eguzki printzeekin kuku-gordeka jolasean. Ibaira jaitsiz, arroaren zabalerak erakusten du urek neguan duten indarra. Udan, ordea, menditik datozen urak mehatzen dira, bistara utziz euri, haize, hotz, bero eta kolpeek borobilduriko harri higatuak. Bideetan eguzkiak bisitarien bizkarrak erretzen dituen bitartean, zuhaitzen babesean eta ibaiaren magalean freskotasuna nagusitzen da. Freskotasun eskergarria atsedenaldia egiteko, krakaldia egiteko edo hitz-aspertuetan murgiltzeko, uraren kantu eztiak lagundurik.
Mendian gora
Herritarren bideak gora egiten du, baserrietara, bizitokietara, alhagietara. Artzamendirantz, aspaldian kontrabandistek gauez baliatzen zituzten bideetan barna. Naturak eskaini gune paregabe horiek baliatzen zituzten historia aitzineko jendeek. Haien lekukotasun ikusgarria eskaintzen dute Mondarrain mendian, Menatxe gainean dauden trikuharri eta harrespilek. Baina historian hain urruti ez dauden aztarnak ere badira bertan, hala nola XV. mendera arte Nafarroako Erregek baliatu zuen jauregiaren aztarnak. Gaur egun ez da gudaririk edo kontrabandistarik mendi tontorrean. Pottokek inguruko belarraz alhatzen dira, behi eta ardiek hausnarrean diharduten bitartean.
Lurraren uztatik bizi izan den herria da Itsasu, eta, azken hamarkadan etxegintzaren presioa neurriz kanpo emendatu bada ere, laborari, unai eta artzainen eremua da oraindik ere herria. Ez dira etxalde handiak, eta, horregatik, gero eta gehiago dira laborantza arduratsu edo biologikoaren alde egiten dutenak. Ospe handia lortu du Itsasuko gereziak azken urteotan. Xapata, Peloa edo Beltxa motako gereziak zuzenean saltzen dituzte ekoizleek, fresko jateko edo erreximenta bihurturik. Ostatuek ere Itsasuren erakargarritasun hori baliatzen dute, kalitatezko eskaintza itzulirik bisitariari.
Turistak joaten direlarik, bertan egonen dira oraindik herritarrak, baita Errobiko urak gizen eta ozen jaitsiko direlarik. Zoko horren xarma lasaitasun handiagoz gozatzeko parada ukanen dute, baina aldi berean, horren edertasuna munduari harro erakusteko gogoa.
Arbasoen harkaitzetik begira
Baiona eta Kanbo lotzen dituen errepidea utzi eta Itsasura sartuz atzeman daiteke Atekaitza. Errobi ibaiaren parean dagoen gunearen edertasunak ehunka bisitari erakartzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu