Arbizun Euskal Herriko Mus Txapelketako finala jokatuko da gaur

Mila bikotek baino gehiagok parte hartu dute txapelketan; 128 sailkatu dira gaurko finalerako

Ilargi Agirre.
2012ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Herrietako eta herrialdeetako kanporaketen ondotik, iritsi da egun handia. Euskal Herriko Mus Txapelketako finala gaur jokatuko da, Arbizun (Nafarroa). Zazpi herrialdeetako bi mila pertsonak baino gehiagok parte hartu dute txapelketan, eta gaurko finalera sailkatu dira Nafarroako eta Gipuzkoako 32na bikote, Lapurdiko eta Arabako 16na, Nafarroa Behereko eta Bizkaiko 14na eta Zuberoako lau. Arrazoi jakin batengatik aukeratu dute finalerako Arbizu herria. «Nafarroako konkistaren 500. urteurrena da, eta Nafarroan egin nahi genuen», argitu du Raul Gartziak, txapelketako antolatzaile eta Euskal Herriko Mus Federazioko kideak.

Leku bakoitzean ezberdin jokatzen den arren, arautegi nazionala errespetatu beharko dute finalistek. Epaileak egongo dira une oro parte hartzaileen keinu eta jarrerak kontrolatzen, eta lau erregetara jokatuko dute musean.

Txapelketa izanagatik, lehiaketa bainoago festa handia izango da gaurko eguna. Partidak 10:00etan hasiko dituzte, Arbizuko pilotalekuan. Finalistak ligaxka sistemarekin banatuko dituzte, eta lau bikoteko multzotan hiruna partida jokatuko ditu talde bakoitzak. Hamaiketakoarekin indarrak hartuko dituzte goiz erdian, eta trikitilariek, zanpantzarrek eta fanfarreek alaituko dute giroa. «Nafarroako 80 trikitilari baino gehiago etorriko dira», azaldu du Gartziak.

Finalak, arratsaldean

Pilotalekuan bazkaldu ondoren, arratsaldeko kanporaketei ekingo diete, baina finala Arbizuko udaletxeko batzar aretoan jokatuko da. Bertara sartzerik ez dutenek finala herriko plazan jarriko dituzten pantaila erraldoietatik jarraitzeko modua izango dute.

Bikote txapeldunak, txapela eta trofeoaz gain, 3.000 euro eta lau lagunentzako astebeteko egonaldia jasoko ditu. Txapeldunordeak trofeoa eta 1.200 eta 1.500 euro bitarteko bidaia bat. Hirugarrenak eta laugarrenak sari bereziak eramango dituzte. Inork ez du esku-hutsik alde egingo: guztiei Nafarroako edo Arabako Errioxako ardo botila bat oparituko diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.