Jorge Casal. Informatikaria

«Arduinok ordenagailutik ateratzen zaitu, inguruan duzuna ulertzera»

Elektronikaz ezertxo ere ez dakitenei ere mundua kontrolatzeko eta horretan eragiteko aukera ematen die Arduino plataformak: landareak ureztatzeko, ateak itxita utzi ditugula ziurtatzeko...

CONNY BEYREUTHER / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
2012ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Jorge Casal (Pasaia, Gipuzkoa, 1976) informatikaria da, eta Arduino taldeko koordinatzailea Errenterian (Gipuzkoa). Teknologia horren inguruko hurrengo tailerra egingo dute ekainaren 30ean Kabia gunean. Komeni da aldez aurretik izena ematea taldearen posta zerrendan, informazioa jasotzen joateko eta tailerraren ordua zehazteko: info@ arduinokabia.net.

«Lego tekniko» gisa definitu dute batzuek Arduino, hau da, norberak pieza elektronikoekin ia edozein gauza eraikitzeko sistema moduan. Definizio hoberik ba al duzu?

Definizio hori zuzena da, baina badago beste bat oso gogoko dudana: Arduino ordenagailu bat da, begi, belarri eta beste hainbat zentzumen dituena. Informatikariak edo programatzaileak askotan euren ordenagailuetan, tabletetan edo sakelako telefonoetan geratzen dira; haatik, Arduinok jauzi egiten du kanpora; inguruan duzuna ulertzera eta ezagutzera ateratzen zaitu. Arduinok inguruan duena kontrolatzen du. Software librearen mugimenduaren zati bat da hau: hardware librea. Horren barruan, Arduino aukera asko ematen dituen plataforma bat da, ingurua kontrolatzeko.

Etxeko landareek ura behar dutela Twitterren bidez ohartarazteko erabili du baten batek, esaterako.

Jabea ohartarazi gabe landareazuzenean ureztatzeko sistema eratu dute beste batzuek. Halako egitasmo asko daude. Batzuk oso dibertigarriak, eta, horrez gain, praktikoak. Ni, esaterako, memoria txarrekoa naiz, eta askotan zalantza izaten dut dendako pertsiana jaitsi ote dudan. Arduinorekin konpondu nuen: sentsore bat jarri nion, eta pertsiana itxita dagoela baieztatzen dit Twitterren bidez. Enpresetan dabilen jende asko ere etorri zaigu. Orain arte etxe handietako kontrolagailuak erosten ibili dira, baina Arduinorekin euren konponbide propioak etamerkeak bilatu ahal izan dituzte. Beraz, adibide horiek onak dira, baina aukera izugarri zabala da.

Arduinok bi gauza agintzen ditu: gailu merkea eta erabiltzen erraza. Zirkuituak ikusita, ez du ematen edonork saltseatzen ibiltzeko modukoa.

Elektronikaz ezer ez dakien bati, agian, beldurra emango dio hasieran, baina jendeak oso azkar ikasten du. Azkartasun horrek konfiantza ematen du gero eta gehiago egiteko. Lehen hamar minutuak pasatuta, gauzak funtzionatzen dutela ikusi, eta pausoak ematen hasten zara.

Zuen tailerretan edozein lanbidetako jendea nahi izaten duzue. Zergatik?

Errealitate bat delako jende askok interesa duela, nahiz eta elektronikaz edo programazioaz ezer ez jakin. Ezer ez dakien jendea pozik joaten da tailerretatik, pare bat orduan serbomotor bat kontrolatzen ikasten duelako, etorri aurretik hori zer zen ere jakin ez arren. Arduino oso malgua da, eta aukera ematen die ezer ez dakitenei zein adituak direnei.

Urte batzuk barru denok ibiliko gara etxean geure robotak egiten?

Dakitenak euren kobazulotik ateratzea lortu nahi dugu gure taldearekin. Jende horrek ez dakitenei irakastea nahi dugu. Egitasmo asko zailegiak dira banaka arituta, eta, ondorioz, ez dira inoiz gauzatzen. Talde bat osatuta, horietako asko egin ditzakegu, eta maila handiagokoak. Beraz, gauzak egiten dakien jende masa kritiko bat lortu nahi dugu, egiten ditugun gauzak gero eta konplexuagoak izan daitezen. Norberak etxean bere robota egitea? Hori ere ekarriko du denborak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.