Bilboko Aste Nagusia

Areatza, pil-pilean

Hiru Lagunak elkarteak eta Aixe Berri konpartsak irabazi dute pil-pil erara prestatutako bakailao lehiaketa jendetsua

Bilbo
2011ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Goizean goizetik Areatzako txoko guztietan bakailao usaina antzeman zitekeen atzo. Bilboko Aste Nagusian egunero izaten da gastronomia lehiaketaren bat, eta pil- pil erara prestatutako bakailaoaren txanda zen atzokoa. Asko izan ziren parte hartu zutenak, eta urtetik urtera gora egiten du sukaldari kopuruak; antolatzaileek jakitera eman zutenez, 72 talde aritu ziren. Tradizioak dioen bezala puntu gehien bildutako koadrila bakailaoaren jauna izendatzen dute, eta aurtengoan ohore hori Bilboko Hiru Lagunak elkarteak izan zuen. Ohoreaz gain, 250 euroko saria eta txapeldunari dagokion txapela ere jaso zituzten. Irabazleak ez ezik, beste hogei talde ere saritu zituzten.

Goiztiarrenak goizeko zortziak aldera gerturatu ziren Areatzara. Goizetik nabari zitekeen jendearen joan etorria. Izena emateko epea handik ordu batera ireki zuten, baina jendeak gustuko lekua hartu nahi zuen. Zaratas konpartsako kideek garbi zuten zergatia: «Goizean goiz jaiki gara, txoko egokia aurkitu eta azken orduko txikikeriak zaintzeko. Dena dela, gau luzea izan duenik ere badago eta horiek lo pixka bat egin eta beranduago etorri dira».

Orduek aurrera egin ahala txosna inguruan gero eta jende gehiago ikus zitekeen. Konpartsetako kideak ziren haietako batzuk, eta konpartsei zegokien esparruan lehiatu ziren. Konpartsakideek aspalditik elkar ezagutzen dutenez haien artean lehia bizia izaten dute; lehia sanoa, irabazteko duten grinak eragindakoa antolatzaileen arabera.Aixe Berri konpartsako kideek lortu zuten atzo lehiaketa irabaztea.

Eguerdirako urduritasuna

Baina konpartsen norgehiagokaz gain izan zen herritar orori irekitako beste lehiaketa bat. Bertan Bizkaiko herri desberdinetatik etorritako sukaldariek parte hartu zuten. Haietako bat izan zen Itziar Prieto. Aurrenekoz parte hartu zuen eta esperientzia interesgarria iruditu zitzaion. «Ni eta beste hiru lagun etorri gara. Hasieran bakailaoak itxura eskasa bazuen ere, orain hobea duela dirudi eta esperientzia polita dela iruditu zaigu», esan zuen barrezka eta eltzeari astinduren bat emanaz.

Bakailao eltzeak aurkezteko ordua iritsi zen. Sukaldaritza kontuetan adituak diren hemezortzi epaileren lana hasi zen orduan. Antolatzaileen irudikoz, epaileak eskarmentu handikoak ziren, jatetxe eta txokoetako sukaldariak aukeratu baitzituzten epaile lanerako. Jendearen artean urduritasuna nabari zen. Batzuek saltsa lodiegia zuten eta ez zeuden pozik lortutako emaitzarekin. Beste zenbaitek, itxura ona eduki arren, gaziegia zegoela esaten zuten. Baina egindako lanarekin pozik gelditu zenik ere aurki zitekeen. Txomin Barullo konpartsakoak itxaropentsu zeuden: «Irabazteko esperantza beti dago, horretarako parte hartzen baitugu. Ez al dauka itxura ona?». Baietz esanez erantzun zion galderari bakailaoari begira zegoen gizonak.

Euskal Herrian tradizio handiko jakia da bakailaoa, baina sukaldatzeko zaila eta garestia dela nabarmendu zuten Zaratas konpartsako kide batek baino gehiagok. «Kalitate ona duen bakailao lapiko bat prestatzeko gutxienez 75 euro behar dira, eta diru kopuru hori asko da». Hala ere, urtean behin jai giroan lehiatu eta konpartsa kideekin jatea ere atsegina dela erantsi zuten.

Sekreturen bat kontatzeko eskatuta guztien erantzuna berbera izan zen. «Sekretua kontatuz gero sekretu izateari laga dio». Baina kalitate oneko bakailaoa erosteak lana asko errazten duela adierazi zuten. Baita eltzea egoki eta maitasun handiz mugitzeak arrakasta izaten laguntzen duela erantsi zuenik ere bazen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.