Bilbon zabaldu den magia eskolarekin erreferentzia berri bat jarri da martxan. «Nire hastapenetan, agian, gisa horretako eskola baten falta sumatu nuen», dio Santi Anterok, Txan magoak. Orain arte arlo horretan lan egiten duten profesional edo amateurrak autodidaktak izan dira oro har. «Ni hasi nintzen garaian ez zegoen Internetik, eta magiari buruzko liburuak topatzea ere zaila zen», dio Eriz magoa izen artistikoaren atzean dagoen Eriz Markesek. Baina magiak aurrerantzean ere autodidakta izaten jarraitu beharko du, haren ustez: «artea den heinean, oinarriak eta ezagutzak jakin eta gero, bakoitzak bere jakin-nahiak gogobeteko ditu, era autodidaktikoan». Baina lehen oinarri horiek biltzeko garaian, eskolak funtzio positiboa izango du, Markesek eta Anterok zehaztu dutenez.
Edozein modutan, tentuz ibili behar da, Anteroren ustez. «Magiaren esparruan asko kopiatzen baitira ereduak», dio. Espainian bi magia eskola garrantzitsu daude: Juan Tamariz eta Pepe Carrol magoek bere garaian sortu zituztenak. «Bada, magoak taula gainean ikusten dituzunean, bi eskola horiek ikusten dira, eta horrek magoaren berezko izaera zikiratu egiten duela esan daiteke». Hura ere magiaren esparruan sartu zenean, hori ikusi zuen, eta, horregatik, «nire izaera izan nahi nuelako, autonomo xamarra izan naiz», dio Anterok. Beraz, eskola ondo eginez gero eta askotariko ereduak erakutsiz gero positiboa izango dela iruditzen zaio.
Euskal Herriko magiari bultzada eskainiko dio eskola berriak. «Ni hasi nintzen garaian ez zegoen apenas magorik», dio Aitor Marcillak, Marsel magoak. Orain, ordea, egoera hobea da magoen kopuruen aldetik, nahiz eta krisiak ez duen alde horretatik sobera laguntzen. Hala dio Markesek: «Ez gara asko, baina gutxi ere ez. Eta egiten den magiaren kalitatea ona dela iruditzen zait». Kopuru horrekin magoen artean lehia sortu dela azaldu du, baina «lehia leiala» da. Hau da, «zerbait hobea egiten saiatzen gara, eta elkarri laguntzen. Horrek magiaren kalitatea hobetzen du», Markesen esanetan.
Plazetara saltoa
Euskal Herrian egiten zen magia aretoetan egiten zen, batez ere, antzerki, taberna edo beste gisatako lokaletan. Kultur ekitaldi horiek apenas zeukaten presentziarik kalean, harik eta Txan magoa azaldu zen arte. «Berak atera du magia plazara», Markesek dioenez. «Xixka Gipuzkoako magia elkartera iritsi zenean, galdetu zuen ea ez zegoen inor magia kalean egiten zuena. Erantzuna ezezkoa izan zenean, berak hartu zuen lan hori», Marcillak oroitzen duenez. Orduz geroztik, magiak presentzia nabariagoa dauka kale eta plazetan.
Baina alde horren presentzia hazi bada ere, magia emanaldien kopuruak behera egin du azken boladan. «Aldapan behera goaz, eta ez da ikusten nondik aterako garen. Baina oraindik pribilegiatuak gara, gustatzen zaiguna egiten jarraitzen dugulako», Anteroren esanetan. Eta beherakada horren ondorioz, hainbat talde desagertu egin dira.
Egiten diren ekitaldiak, gainera, haurrentzako saioak izaten da, batez ere. «Nik egiten ditudan emanaldien %80 eurekin egiten ditut, baina helduentzako magia ez da sustatzen», Markesen ustez. Historikoki alderantziz izan da, ordea, baina magia txikienentzako moldatu da, eta uneon eurei bideratzen zaizkie ikuskizunak gehienbat. Anterok, ordea, ikuskizun mistoak bultzatzen ditu: «Nire magia ez da haurren magia, profesionala baizik. Saiatzen gara egiten ditugun ikuskizunak bientzat izatea, haur eta helduentzat». Beraz, eskoletara ikuskizunak eskaintzera joaten denean, haur eta gazteak egotea eskatzen du.
Antolatzen diren ekitaldietan, gainera, askotariko erantzunak jasotzen dituzte: «Herri bakoitzaren eta ohituraren araberakoa da, sekula ezer antolatu ez duen herrian ez da inor joango, eta alderantziz».
Ildo horretan, eskola berria zabaldu izanak ohitura hori bultzatzeko balioko duela iruditzen zaio Marcillari. Baina uste du kultur eskaintzak aukeratzen hasteko garaian magia bigarren mailan geratzen dela. Hori dela eta, iruditzen zaio berriz ere indartzen ari direla kafetegietako magia emanaldiak. «Antzoki batera magia ikustera joateagatik jendeak ez du ordainduko, baina taberna batean, agian, bai», dio Marcillak. Emanaldien jaitsiera horri, beraz, ildo horretatik eman dakioke irteera.
Areto eta plazetako magia saioak
Euskal Herriko magia eskaintzak plazetarako pausoa eman zuen duela hainbat urte. Orain, ordea, alderantzizko bidea egin dezake emanaldi kopuruek behera egin eta gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu