Mendi ibilaldia

Argantzungo gaztelua

Argantzungo gaztelua.
  • Herrialdea: Araba
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Argantzun, Dorre optikoa, Villanueva Oka, Trebiñu
  • Distantzia: 10 km.
  • Iraupena: 2 ordu eta 30 mn.
  • Ingurunea: Gasteizko eta Tuyoko mendilerroek bat egiten duten haitzartean dago Argantzungo gazteluaren dorretzarra.
  • Estekak: Ibilbidea
Josean Gil-Garcia.
2007ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Argantzun herria Trebiñu konderriari dagokio, eta, Gasteiztik Miranda de Ebroranzko norabideari helduta, kilometro gutxira ikusiko dugu. Argantzungo Andra Mari elizaren aurrean dagoen Apirilaren 14ko plaza zaharberrituan hasiko dugu ibilbidea. Eraikinaren ezkerraldetik doan Sorkunde kaletik egingo ditugu lehen urratsak, Gasteiz alderantz abiatuko bagina bezala. Azken etxea atzean utzita, asfaltatutako bide bati ekin eta trenbidearen konpainian ibiliko gara. Bihurgune batera heldutakoan, berriz, eskuinera jo eta trenbidearen azpiko tunela igarota, N-1 errepide zaharrera iritsiko gara, hots, Villanueva Okako desbideratzera. Ondoren, autobide zaharraren eskuineko bidean jarri eta hamaika hamarkadatan milaka autok eta kamioik etenik gabe egin zuten eran, Gasteiz aldera jarraituko dugu, Zadorra ibaiaren haitzartea eta Argantzungo gazteluaren dorretzar isolatua aurrez aurre ditugula.

Larru onduko fabrika izan zenaren aurretik igaro eta ehunka metro aurrerago, A-1 autobide berriaren azpian igarotzeko parada izango dugu; izan ere, tunel zabala egokitu dute berriki errepidez bestaldeko muinoetara igaro ahal izateko. Tuneletik irtetean, ezkerrera egin eta aldapa gogorrari eutsita, basorantz bideratuko ditugu gure pausuak. Pista nagusiak ibar xume batera begira jarriko gaitu berehalakoan. Ibartxoa pista zatar batek korritzen badu ere, ez dugu denbora luzerik bertotik emango. Izan ere, ibarretik gaindi, bost bat minutu egin ostean, zidor bat ikusiko dugu ezkerraldetik. Harri Xabalen bidea hortxe abiatzen da, hots, gazteluraino doan bide zaharra. Habe batzuei eta hari elektrikoei zerbitzua ematen dien pista bat zeharkatuko dugu laster. Bidexka nagusitik irten gabe, haatik, zidorrari men eginez, Argantzungo gazteluaren dorretzarraren aurrean izan arte segituko dugu.



DONEJAKUE BIDEA. Argantzungo dorretik oso urrun ez, karlistaldien garaian baliaturiko telegrafo optiko baterako eraikitako eraikin baten hautsikinak ikus ditzakegu. Hantxe diraute hondakinok, landaredi mediterranearraren babesean. Dorretzarraren atzetik doan zidorrari men egingo diogu, eta, banalerrotik aldendu gabe, magalean gora segituko dugu. Dorre optikoa zenaren hondakinak amildegiaren ondo-ondotik ikusiko ditugu, baita eraikin horrek okupatuko lukeen eremu zabala ere. Harri hondakinak ez daudenez tontor baten gainean, goratasunari eusten segituko dugu puntu gorenera iritsi arte. Jaitsiera erraza egokituko zaigu gero gasbide batek janda duen lepo bateraino. Lerrotik segituko dugu ondoren, basabide bat lagun.

Goi-tentsioko kable batzuen azpitik igaro eta metro gutxira, Tejera lepora iritsiko gara. San Migel, Busto eta Zaldiaran gailurretara doan bidexka tentagarriak lerrotik gaindi segitzeko konbitea egingo digun arren, Donejakue Bidea segitzeko aukera lehenetsiko dugu oraingoan guk. Hala, Tejera lepoan eskuinera egin eta erromesbideari eutsiko diogu. Pista bazterreko metalezko seinaleek lagunduta, Villanueva Okara helduko gara. Errepidean eskuinera eginda, Argantzuneraino jarraituko dugu.

 

Jakingarriak



Argantzungo atakak mendeetan izan duen garrantzia imajinatzen erraza da. Kronika arabiarrek, esaterako, Moawia printzeak Zadorra ibaiaren ertzetan galdutako guduaren berri ematen dute. Ez da harritzekoa pentsatzea, hortaz, herrialdearen eta igarobidearen kontrol eta defentsarako haitzarte horren gainean talaiaren bat-edo izan zela behiala.

Horren haritik, Micaela Portilla historialariak esaten digu Nafarroa eta Gaztela erresumen arteko liskarren garaian kokatu beharra dagoela Argantzungo gaztelua, dokumentuek argi erakusten baitute Lautadaren defentsan Argantzungoaz gain beste hiru gehiago existituko zirela: Zaldiarangoa, Araiakoa eta Zaitegikoa.

Cesar Gonzalez Minguez historialariak Gasteizko artxiboan aurkitutako dokumentu baten berri eman zigun orain urte batzuk. Haren bitartez, aski frogatua gelditzen da Argantzungo gazteluaren presentzia eta garrantzia XIV. mendean. Dokumentuak dio, besteak beste, 1311. urtean dorrearen jaunak -Juan Nuñez de Larak- 6.000 marabedi eskatzen dizkiola Gasteizko Kontseiluari Zaldiarango eta Argantzungo gazteluen mantentze lanak bermatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.