Donostiako Aste Nagusia. Irutxulo baino gehiago

«Argazki bat, euro bat»

Sabelaldean era guztietako zirrarak sorrarazteko diseinatutako makinak dira. Nerabeak eta ez hain gazteak erromesaldian joaten dira barraketara. Pasealeku Berriaren esparruan ez dago aspertzerik.

Bista ederrak ikusten dira Pasealeku Berritik. Loop Zone barrakatik are ikusgarriagoa da itsasoa. XABIER MARTIN.
xabier martin
Donostia
2011ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Zaila dirudi, baina kranpoirik eta pioletik gabe igo daiteke goraino. Aquariumeko eskaileran gora, kanoi zaharrak atzean utzita, apenas dagoen lekurik mugitzeko. Jacques Cousteau plazara eta Pasealeku Berrira daraman pasabidean erromesaldia ez da txikia ekaitz aurreko arratsean. Donostia adeitsuak, hala ere, igogailuak eskaintzen ditu haur txikiekin edo adin askorekin doanarentzat. Turista edo hemengoa hiriko bista ederrenetakora iritsaraztea da kontua. Merezi du: Santa Klara uhartearen eta Aquariumaren artean kolore eta forma guztietako belaontziak ikus daitezke. Piraguak ere bai. Itsasoa festaren beste esparru bat da Aste Nagusian.

Begi-bazterretik mugimendu bat antzeman da eskuinera. Pendulu sorgindu bat dago han, gora eta behera. Ez da posible: sekulako indarkeriaz ezker-eskuin egin du, eta goialdean eskegita utzi ditu makina ero horretan eserlekua lortu duten gizajoak. Haien garrasiak Loretopera ere ailegatzen dira. Ez da gezurra: infernuko gozamen-sufrikario horretan parte hartzeko ilara luze bat ageri da. Hiru euroren truke zerutik eroria bihurtzen da jendea Loop Zone barrakan. Aurrerago dagoen Ontzi Bikingoa txantxa da haren ondoan. Baina han ere bezeroak badira, astindu azkar baten bila.

Hozkailuak 'oparitzen'

Agur Pasealeku Berriaren lasaitasunari. Hala barraka modernoenek nola betidaniko tiro barraka zaharrenek musika jarrita dute, dena emanda. Tonbolan hozkailuak oparitzen ditu morroi batek, eta gameluek korrika jarraitzen dute urteak pasa urteak etorri. Gurasoek seme-alaben xantaia jasotzen dute: «Mesedez, mesedez, mesedez...». Eta azkenean, amore eman eta aita edo ama txarteldegira joan behar.

Patrika arintzeko leku aproposa da Pasealeku Berria. Ia Donostia osoa da trebea horretan, izan ere. Eskaileran behera tentuz ibili behar da berriro, hortzeria galdu nahi ez bada, eta kai aldean diru zorroa salbu ikusten duenak ez daki zertan ari den. Kizkitza'ko Ama amarratuta dagoen lekutik Ontzi Museora arte, kaitik uretara salto egiten dute gazte donostiarrek. «Txanpon bat, bota txanpon bat». Eta, azkenean, konbentzitu dute Bartzelonako bikote bat. Gizonak zentimo batzuk jaurti ditu uretara, eta haien bila dozena erdi bat mutiko joan dira. Emakumeak argazki kamerari klik eta klik. Harik eta uretatik gauzak argi utzi dizkion balizko enpresaburu baten hitzak entzun arte: «Aizu! Argazki bat, euro bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.