Samuel Arandak (Santa Coloma de Gramanet, Bartzelona, 1979) Tunisian jaso du albistea, eta telefonoz bestaldera umiltasun handiz erantzun die galderei. Sariaren berri herenegun jakin zuela dio, banketxera alokairua ordaintzera joan zenean jaso baitzuen deia. El País eta El periódico de Catalunya egunkarietan lan egiten hasi zen Aranda. EFE eta AFP argazki agentzietan ere aritu da, eta 2006tik hona freelance gisa dabil munduko hainbat gatazka gunetan. The New York Times egunkarian eta El Magazin de la Vanguardian argitaratzen ditu argazkiak gaur egun, beste batzuen artean.
Nola gogoratzen duzu argazkia atera zenuen unea?
Urriaren 15a zen, eta kaosa zen nagusi; jendea garrasika zebilen eta tiroak zeuden non-nahi. Irudian ateratzen den zaurituak ordu erdi inguru zeraman sendagileen laguntza jasotzeko zain. Emakumearekin hitz egiten saiatu nintzen, eta, arabieraz ulertu ahal izan nionez, bere senarra zen, baina ez daukat erabateko ziurtasunik, nire arabiera kaskarra baita.
Momentu hartan bertan ohartu al zinen argazkia kalitate handikoa zela?
Ez, ez nintzen konturatu. Oso azkar pasatu zen guztia. Gero denborarekin ikusita antzeman nion hobeto. Irudiak topikoa ezeztatzen du; negarrez ari diren emakumeak ikustera ohituta gaude Ekialde Hurbilean, baina ausardia eta indarra erakusten du, berriz, argazki honetako emakumeak.
Zer adierazi nahi duzu argazkiarekin?
Sariarekin eskertuta egonagatik, gatazkako biktimetan erreparatu behar da. Hemen garrantzitsuena irudiko protagonistak dira. Gurea, azken finean, lanbide bat baino ez da; munduko gertaerak dokumentatzen ditugu. Haiek urtebete daramatzate iraultza egiten, egoera kaskarrean daude eta inor ez da haiekin oroitzen.
Zertan antzemango diozu saria jaso duzula?
Ez dut uste ezer aldatuko zaidanik. Astelehenean ez dit inork deituko. Kontua da Espainiako hedabideek argazkilaritzari ez diotela garrantzirik ematen. Hango prezioekin ezin da bizimodua aurrera atera.
Samuel Aranda. Argazkilaria
«Argazkian garrantzitsuena protagonistak dira; gurea lanbide bat baino ez da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu