Ona edo txarra, beti eduki du kameraren bat. Baina teknologia berriei esker hasi zen argazkigintzari etekina ateratzen. Ordenagailuari esker. Orain dela zortzi bat urte. «Argazkiak prozesatzea gustatzen zait. Jatorrizko iruditik beste zerbait lortzea». Bere kabuz ikasi du. «Interneten bidez, liburuak irakurriz, lagunei galdezka...». Ez du beti biderik errazena aukeratu: «Batzuetan denbora bikoitza behar duzu; gero konturatzen zara modu errazagoak ere bazeudela...». Bere lana dela eta, ez du aukerarik izan ikastaroak egiteko. Taberna du. Ordutegi lotua. «Autonomoa izateak hori dauka!».
Sarea laguntza handia izan dela dio. Flickr webgunean zintzilikatu zituen irudiak, eta ez zaio damutu. «Jende askok ematen dizkizu azalpenak. Lagundu, aholkatu, kritikatu... Bata besteari erakusten aritzen gara, elkarren maisu». Adi-adi jarraitzen ditu beste argazkizale batzuen pausoak.
Argazkiak egiteko ere ez du denbora libre askorik izaten. «Ahal dudanean ateratzen ditut. Eta bidaietan». New York eta Mexiko izan dira azkenak. Baina gertuago ere gaizki ez: «Euskal Herrian bertan ere badira bazter ederrak». Kamera txiki bat aldean darama beti. Badaezpada. «Ezustekoa edozein momentuan balia daiteke: auto ilara bat...». Paisaiak egiten ditu batik bat. Erretratuak, gutxi. «Lotsagatik edo, kostatu egiten zait».
KLIK-KLaK
Izena: Ion Markel Saez Urabain.Jaio: 1970ean, Lazkaon. Usurbilen bizi da.
Ogibidea: Tabernaria.
Argazkilaritza: Beti izan du kameraren bat; duela zortzi bat urte hasi zen irudien tratamendu digitalarekin, bere kabuz. Ez da inongo argazki elkarteko kide.
Lehiaketak eta erakusketak: Hartu du parte lehiaketaren batean, baita sariren bat irabazi ere, baina ez da lana jendaurrean agertu zalea. «Lotsa puntua kentzea falta zait». Baliteke bere tabernan erakusketa bat jartzera animatzea...
Sarean:www.flickr.com/photos/ionmarkel.