Lehengo astean izan zen irekieraofiziala, baina, asteburuko eurite indartsuen ondorioz, itxi egin behar izan dute, berriz. Uitziko tunela Leitza eta Larraun (Nafarroa) arteko mugan dago, eta Plazaolako bide berdean mugarri da, Kantauri eta Mediterraneo isurialdeko urak bereizten dituelako.
«Andoaindik Mugirora doan 42 kilometroko ibilbidean oztopo nagusia izan da orain arte Uitziko tunela», dio Jose Maria Aierdik, Plazaola Partzuergoko lehendakari eta Lekunberriko alkateak. Plazaolako trenak Iruñea eta Donostia lotzen zituen joan den mendearen erdira arte, eta garai hartako trenbideari jarraituz osatu nahi dute bide berdea. Baina ahaleginean naturaren indarrarekin topo egin dute, berriz ere.
«Irekiera baino egun batzuk lehenago euri jasa handiak izan ziren, eta errekasto izugarriak zeuden tunelaren ahoetan», azaldu du Aierdik. «Oinetako egokirik gabe ezinezkoa zen tunel barruan ibiltzea inaugurazioan». Hiru urte egon da itxita tunela egokitzeko lanen ondorioz —argiztatze sistema ezartzeko—, eta ez da inoiz orain arte «hainbesteko ur kantitaterik irten bertatik», Aierdiren esanetan. Lurzoruari eragin dio horrek, eta sarrera debekatu behar izan dute, berriz ere. Asteburu honetarako ireki nahi dute, baina lanak ez dituzte amaitu, oraindik: «Hurrengo urratsa lurzoruan hormigoia jartzea izango da, uraren aurka erresistentzia handiagoa baitu». Hemendik bi egunetarako espero dute argi konpainiak lotura ematea ere.
42 kilometro luze
Uitziko tunelaren behin betiko irekierak lanak erraztuko dizkie Plazaolako bide berdearen erabiltzaileei. Hiru urte hauetan ordezko ibilbidea oso gogorra eta malda handikoa izan baita. «Lekunberritik zetozen gehienak bide berdetik atera eta errepide nagusira joaten ziren Leitzara. Beste batzuek herriko geltokian buelta hartzen zuten».
2,7 kilometroko tunela amaituta, Andoaindik (Gipuzkoa) Mugirora (Nafarroa) doan 42 kilometroko ibilbidea prest egongo da. Bigarren tartean, Imotz eta Irurtzun artekoan, egokitzeko lanak aurten amaitzea espero dute. Hirugarrenak, Irurtzun eta Iruñea arteko ibilbideak, luzeago joko du, ordea. «Nafarroako Gobernuak lurrak desjabetu behar ditu, eta horren zain gaude». Izan ere, zati horretako lurren %20 esku pribatuetan daude, eta lur publikoak izendatzea derrigorrezkoa da, Espainiako Ingurumen Ministerioak proiektua diruz laguntzeko. «Zati horrek, gainera, kostu handia du, eta ibilbidea antzinako trenbidetik aldentzen da, zertxobait, hainbat industrialde daudelako eraikita».
Aierdik jakinarazi duenez, eskaerarik handienetakoa duen bide berdea da Plazaolakoa, inguruak dituen ezaugarriak direla-eta. «Asteburutan familia eta bikote ugari biltzen dira bertara. Nafarroa eta Gipuzkoako jendea izaten da normalean. Eta opor garaian jende gehiago biltzen da, bizikleta zale gehiago ibiltzen baita».
Maiatzaren 1ean izango da hurrengo irekiera. Bide berdeen eguna maiatzaren 8an da, eta astebete aurreratuko dute ospakizuna.
Argi printzak, Uitzin
Uitziko tunela egokitzeko lanak uste baino arazo gehiago ari da sortzen. Plazaolako bide berdean dagoen tunela aurreko astean ireki zuten, baina berriz itxi behar izan dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu