Argia eta oroimena

Xabier Etxaniz Rojo.
2010eko urriaren 21a
00:00
Entzun
Pozez zoratzen, Txilek txalo egin zuen Florencio Avalos meatzariak argia ikusi zuenean. Pozez zoratzen, Txilek xanpainaz egin zuen topa Mario Sepulveda zulotik atera zutenean. Banan-banan meatzari guztiak azaleratu ziren, eta beraiekin batera harrotasun nazionala. Eta pozez zoratzen, presidenteak meategiaren zuloa itxi zuen, hurrengo hauteskundeak irabazteko adina boto emango dioten gertakariak berriro errepika ez daitezen.

Eta orain, Atacamako basamortuko haize lehorrak banderak harrotzen dituen honetan, txiletarrak txiletarragoak dira. Egindako balentria betiko geratuko da txiletarren oroimenean.

Atacaman bertan baina 500 kilometro gorago, Chacabucoko hondakinak hutsik daude. Behinola gesal-meategi bat izan zen. Gero Pinochetek kontzentrazio esparru bilakatu zituen langileen barrakoiak. Hara Roberto Zaldivar eraman zuten atxilo, eta han geratu zen baita diktadoreak infernua itxi zuenean ere. Roberto eta hildakoak izan ziren Chacabucon geratu ziren bakarrak. Han gertatutakoa kontatu beharra zegoen, eta Roberto oroimena pizturik mantentzeari lotu zitzaion harik eta orain dela gutxi hil zen arte.

Violeta Berriosek ere han jarraitzen du, basamortua oinez korritzen. 30 urte daramatza bilatzen, baina oraindik ez ditu senarra zuenaren hezurrak topatu. Orain 70 urte ditu eta, hala ere, ez du itxaropena galdu. Egunen batean lurraren azpikoek argia ikusiko dutela dio.

Hogeita hamahiru atera dituzte.

Milaka falta dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.