Mendea beteko du Argia astekariak 2019an, eta, hori ospatzeko, oparia egingo die herritarrei: urteotan eginiko kazetaritza lan osoa digitalizatu eta Interneten ikusgai jarriko dute. 2.600 zenbakitik gora, dozenako mila orrialde eta milaka argazki libre eskainiko dituzte Argia.eus gunean. «Argiaren ibilbide osoa ospatu nahi dugu horrela, hori delako gure ondarea», esan du Urko Apaolaza astekariko kazetariak, Donostian eginiko prentsaurrekoan.
Zenbaki guztiak ikusgai jarriko dituzte, baina harago joan nahi dute Argia-ko kazetariek: ez dute ale zaharren PDF irudi soilak eskaini nahi, baizik eta «eduki integratuak». Dena «era errazean» kontsultatzeko moduan jarriko dute, eta irakurleek bilaketak egin ahalko dituzte testuetan. «Euskal Liburutegi Nazionala eratzeko urrats garrantzitsua izango da», Apaolazak esan duenez. Argia-k aspaldi erabaki zuen edukiak lizentzia librearekin argitaratzea, eta, orain, fitxategi historikoak libre eskaintzea beste urrats bat da bide horretan.
Horrez gain, argazki fitxategiko milaka irudi Interneten argitaratuko dituzte, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan.
Datorren urteko lehen zenbakia «berezia» izango dela iragarri dute, eta urtean zehar mahai inguruak egingo dituztela Euskal Herriko lurralde gutzietan.