Xabier Leteren lur honetako bizi denborak iragan eta, haren aipamenez gure artean oraindik aritzea nolaz ez genuke gogorik... Batzuetan ehorzketak luzatzen dira eta luzatzen, zenduaren inguruko bildutasuna iraganarazteko ahal bezainbat, betiereko gure artean nahi dugula erakutsi nahiz. Lehengo denboretako oroitzapen gozoak datorzkit, nola Uztaritzeko Landagoienen kantuz, Lurdes eta Ez Dok Amairuko taldearekin, halako indar eta ziurtasunez euskal munduak bizi nahi zuela eta maitagarria zela sendiarazi zidan.
Nafarroa, «Euskadik bazter utzia, Teseok Nakzosen Ariana bezala», Etxamendik historiaren negarrekin kantatu zuen bezala, euskal poeta guzien gisara Xabierrek senditu zuen. «Argiaren pausa leku» den eremua, euskaltasunaren amets minbera bihurtu zuen ere, apurtu ziguten nahia ezina bilakatua zela, gu oldarraraziz. Mendeen errota baitabil, arrago jarraituko da, arranoaren eta lehoiaren borroka betierekoarekin.
Argiaren pausa lekuei so egiteak goratzen ahal gaitu, haren pizteak oraindik gehiago. Atzo berean Stockholmeko Nobel Akademiak Liu Xiaobori bere Bake Saria eman zion. Kartzelan zegoen bera eta beste hainbeste lagun giza eskubideedo adierazpenaren aldekoak isilduak.Estatu Batuetako presondegietan, hiltzera kondenatuek ez dute inoiz eguzki argiaren ikusteko eskubiderik. Hori zigor ezezaguna daiteke: argitik baztertzea norbait ez dea haren aurkako kondena izugarriena? Zertaz beldur dira argia ezkutatu nahi duten horiek? Argiaren pausa leku izan bitez lurtar guziak, lehen urratsa baita libertatearen alde.
Maratila
Argiaren pausa lekuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu