Garai batean etxeratzeko agindua zena kalera irteteko dei bilakatu da. Hala, erretretaren doinuekin hasi zituzten atzo San Prudentzio eguneko ospakizunak. Egun handia, hala ere, gaurkoa dute arabarrek. Gasteizko kaleetatik Armentiako zelaietara eramango dute jaia. Han, baselizan, meza emango dute goizeko hamaiketan, eta ondoren ohorezko aurreskua dantzatuko diete agintariei.
Bestalde, eta eguneko ekitaldien artean nabarmentzekoa da Arabako Foru Aldundiak urrezko domina emango diola Michelin enpresari. Horretaz gain, baina, izango da bestelako ekitaldirik ere, besteak beste, herri kirolak eta erromeria Drindots taldearekin.
Gasteizen, berriz, danborrada txikia egingo dute arratsaldeko seietatik aurrera.