Sanprudentzioak

Armentiara doaz festaren bideak

Bezperan egindako erretreta eta danborrada jendetsuek utzitako ajearen beldurrik gabe, milaka herritar bildu dira berriro aurten Armentia inguruko zelaietara, San Prudentzio Arabako zaindariaren egun handiko herri erromerian parte hartzeko gogoz.

Ivan Santamaria.
2016ko apirilaren 29a
13:12
Entzun

Apirilaren 28a bada San Prudentzio eguna, eta Araban egonda, ez dago gehiegi pentsatu beharrik: festaren bide guztiak doaz Armentiara. Milaka herritar bildu ditu inguruko zelaietan egiten den erromeriak, egun batez errutinak ahaztu eta udaberri giroaz gozatzeko asmoz.

Erretretaren eta danborradaren arrastorik gabe, kokaleku berean abiatzen da ofizialki patroiaren egun handia, bezperako ekitaldiak baino askoz ere ezezagunagoa den ekintza batekin. Arabako Foru Aldundiaren aurrean goizeko bederatziak baino ez dira, eta aldundiko txistulari eta tronpeta jotzaileen banda prest dago Araba zortzikoa interpretatzeko. Musika pieza laburra da —hiru minututik behera—, baina 110 urte dira konposatu zela, eta aspaldi erabili izan da jaiegun handiari hasiera emateko. Ekitaldi xumea da —bizpahiru dozena pertsona baino ez dira agertu—, eta, ondoren, aldundiak, ateak ireki, eta ardo gozoa eta gaileta batzuk eskaini dizkie bertaratutakoei, esker onez.

Zortzikoaren tradizioa beteta, festaren epizentroa hirigunetik Armentiako zelaietara mugitu da, ezinbestean. Ondo estalita doaz arabarrak maldan gora San Prudentzioren estatua dagoen lekura, patroia agurtu eta Armentian sartzeko. Euria mehatxu da. Tantaren bat sentitu orduko, ireki dira aterki bakan batzuk. Baina mehatxua ez da bete, eta, giroa fresko dabilen arren, tarteka ere eguzkiak egingo die irri.

Ekitaldi nagusiak San Prudentzioren estatuaren pare jarri dira martxan. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria buru, agintariak badoaz baselizan egingo den meza nagusira. Estreinaldi bat ere egon da aurten, Juan Carlos Elizalde gotzain berriak lehen aldiz eman baitu meza Armentian. Baseliza bete du estreinaldian. Aldez aurretik, santuaren irudia hartu, eta buelta eman diote eraikinari.

«A zer-nolako txapa ematen ari zaien gotzain berria», bota du ikusle batek baselizaren kanpoaldean. Eguerdiko hamabiak pasatxo dira, eta ohorezko aurreskua ikusteko ohitura dutenak kexu dira kontua atzeratzen ari delako.

Ezinegona ez da gehiegi luzatu, ordea. Agintariak ondo lerrokatu orduko, hasi dira txistuen doinuak, eta ekin diote ohorezko aurreskua dantzatzeari Aitor Gonzalez de Zarate eta Leire Zaton dantzariek. Ez dira bakarrak izango. Hasi baino lehenago ez da oharkabean pasatu Pilar Garcia de Salazar Arabako diputatu nagusiordearen mugimendua. Oinetakoak kendu, eta laster batean jantzi ditu dantzari zapatilak. Lekua hartu, eta beste aurresku bat dantzatu du, dotore.

«Lehen aldia genuen San Prudentzion gobernu berriarekin, eta zerbait berria egin nahi genuen», azaldu du dantzatu ondoren Garcia de Salazarrek, irribarrea ezpainetan. Ezusteren bat egongo zela esana zuten aldunditik, baina apustu gehienak Pedro Elosegi Batzar Nagusietako presidentearen aldekoak ziren, txistulari eta dantzari izandakoa baita.

Eguerdia igaro da ekitaldi ofizialak amaitu direnerako, eta tenperatura gradu batzuk igotzea eskertu dute erromeriara bildu direnak. Zelaietan botatzea kostatzen ari zaie, berdeguneak hezetasunari eusten baitio. Horren ordez, zelaiak inguratzen dituzten bideetan pilatuta daude milaka eta milaka lagun. «Tranpa hilgarri batean erori gara», dio blusaz jantzita dagoen eta presa izateko aurpegia duen mutil batek, aurrera egin ezinaz jabetuta.

Bisitari gehienek bidea patxadaz egitea hautatu dute, alboetan dauden saltzaileen eskaintzari erreparatuta. Zaila, gutiziaren baten tentazioan ez erortzea. Erroskilak —hiru eta sei euro arteko prezioan—, taloak, txoripanak, gazta, tartak, eta, norbait ausartuz gero, barraskiloak kontserban ere jarri dizkiete aukeran.

Armentiako topalekuan jendetza pilatzen ari den bitartean, festako egitarauak beste leku batera eraman du arreta. Arabako Foru Aldundiak harrera ofiziala eskaintzen dio gizarteari patroiaren egunean, eta herrialdeko urrezko domina emateko baliatzen du deialdia. Artium museoa aukeratu du aurten horretarako.

Polemikarekin iritsi da izendapena aurten. Michelin enpresa saritzea erabaki zuen foru gobernuak, Gasteizen lantokia ireki zuenetik 50 urte bete direlako. Sindikatuei ez zaie gehiegi gustatu enpresak ohorea jasotzea eta langileen ordezkariak gonbidatuta ere ez egotea, batetik; eta enpresak jarduera laudagarria duen zalantzan jarri dute, bestetik. Izendapena atzera botatzen ahalegindu ziren ezkerreko alderdiak —EH Bildu, Ahal Dugu eta Irabazi—, baina eustea defendatu zuen gainerakoek.

Amadeo Alvarez Michelineko zuzendariak jaso du domina, Ramiro Gonzalez herrialdeko ahaldun nagusiaren eskutik. «Enpresa aparta gara, benetan bikaina, dauden onenetarikoa», ziurtatu du Alvarezek, eta langileen «gaitasuna eta konpromisoa» zoriondu ditu, eskerrak emateko hitzaldi laburrean.

Txikiena izan da arratsaldea. Haurren danborradak zeharkatu du Gasteizko erdigunea, sanprudentzioei ez zaiela errelebo falta agerian uzteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.