Websailak

Arnasguneak sustatzeko, 'Kartzela' websaila

Arnasguneen garrantzia nabarmendu nahi duen Arnasa gara kanpainaren barne, Kartzela websaila egin du Hiru Damatxo ekoiztetxeak. Astelehenean estreinatuko dute EITBren webgunean.

urtzi urkizu
2019ko abenduaren 6a
14:09
Entzun

Arnasguneak eta udalerri euskaldunak euskararentzat zein garrantzitsuak diren nabarmendu nahi du Arnasa gara kanpainak
—UEMA, Eusko Jaurlaritza, Euskarabidea Euskararen Nafar Institutua, Euskararen Erakunde Publikoa eta EITB daude sustatzaileen artean—. Eta kanpaina sustatzeko, fikziozko websail bat egin du enkarguz Hiru Damatxo ekoiztetxeak: Kartzela. Datorren astean, astelehenetik igandera arte sareratuko dituzte lanaren zazpi atalak EITBren webgunean. Ikusgai izango dira baita ere www.kartzela.eus webgunean. Websailaren aurreneko lau atalak Irudienean proiektatuko dituzte gaur, Durangoko Azokako Zinemaren gunean.  

Istorioaren abiapuntua erakargarria da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finala ezagutzen dutenentzat. Mara Lekeitiokoa (Bizkaia) da eta lagun batekin joan da 2017ko finalera. Saioan zehar lo hartu ondoren, bakar bakarrik esnatuko da, BEC erakustazoka hutsik dagoela. Bertatik ateratzeko modua aurkitu beharko du, eta bide batez, galdera deserosoari erantzun: nola da posible berarekin ahaztu izana?

Baina Mara ez da BECen harrapatuta gelditu den bakarra. Beste lagun batzuekin egingo du topo, eta eraikinetik nola atera pentsatzen hasiko dira. Mara bezala, beste herritarrak arnasguneetakoak dira: Azpeitia (Gipuzkoa), Ondarroa (Bizkaia), Lesaka (Nafarroa), Zumaia (Gipuzkoa) eta Donibane Garazi (Nafarroa Beherea). Aktoreak, berriz, honakoak dira: Iratxe Urkiaga, Erika Olaizola, Ainhoa Etxebarria, Juanen Saralegi, Sambou Diaby eta Amaiur Epher.

Landutako gaien artean, beste jatorri bateko herritarrekiko aurreiritziak, ulertuko ez dutelakoan euskalkia batura hurbiltzeko joera eta hitanoaren erabilera daude. Pertsonaien aniztasunak argazki aberats bat ematen du.

Pertsonaiak euskalkian
Lander Arretxea Hiru Damatxoko kide eta websaileko gidoilariak nabarmendu du euskalkia izan dela protagonisten tokikotasuna azpimarratzeko modurik zuzenena. «Garrantzitsua zen jatorri aniztasun hori islatzea, eta pertsonaien garapenean ere pisua izan du. Euskalkiak ez du zertan euskara batua baino aproposago izan ikus-entzunezkoetan fikzioa egiteko; baina proiektu honetan, bai, hala izan da».

Hiru Damatxok Txoministak umorezko websaila egin zuen duela lau urte. Kartzela-n beste genero bati heldu diote. «Misteriozko istorio bat da. Oso desberdina izan da guretzat, zaila, baina aberasgarria», adierazi du Larretxeak.
Grabazioak udan egin zituzten. Bost egun izan zituzten BEC erakustazokan grabatzeko. «Aukera ederra izan da BEC bezalako lokalizazio erraldoi eta esanguratsuan grabatu ahal izatea. Kontatu nahi genuen istorioak hala eskatzen zuen», azaldu du Hiru Damatxoko gidoilariak. Aitortu du aktoreei ez zietela lan erraza jarri, grabaketa egun luzeak izan baizituzten. «Baldintzak ez ziren errazak izan, eta gala ere, gure arteko lagun giroa izan da Kartzela egitearen onena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.