Gure kontsultan aztertu beharreko ezaugarria da oldarraldiak noiz eta nola bideratu: izaeraren eta tenperamentuaren oinarrian daude. Zuzenean eta espontaneoki ekintzara jotzea, ondorioetan askorik pentsatu gabe izaten da pertsona oldartsuaren ezaugarria; odolberotasuna ere erabiltzen dugu joera hori azaltzeko.
Gure bulkadak ezagutzea eta kontrola lortzea txikitatik hasten eta ikasten da: bulkada horiek hasiera batean automatikoki agertzen dira; agresibitatea, adibidez, 2-3 urteko umeen erlazioetan ageri da: elkar jo edota bultzatuta begi bistan dagoela. Apurka-apurka barneratze prozesu bat gertatzen da, hitzen bitartez. Nagusien hitzak hasieran: «Pentsatu une batez, lasai jesarrita, nola konpondu Mikelekin gertatu dena; jo gabe, eta gero joan harengana eta esaiozu»; gero, nor bere buruarekin hitz egiten.
Oldarraldien heziketa honek gure garunaren heldutasun fisikoa, kimikoa eta elektrikoa ere behar du. Gaur egun dakigunez, kronologikoki zenbait aro daude heldutasun prozesu honetan, eta 18-20 urte arte ez da heldutasuna lortzen.
Gizartean parte hartzeko, ikasteko, eguneroko bizimodua egiteko gure inpultsuen kontrola izan behar dugu. Gaixotasun psikiatriko batzuek eragotzi egiten dute kontrol ikasketa, eta, horregatik, psikiatrek eta psikologoek aztertu behar dute gaixoak arriskutsuak izan ote daitezkeen euren buruarekin eta besteekin.
Zure eskutitzaren arabera, ezaugarritzat duzu inpultsibitate hori, eta pauso batzuk eman dituzu jadanik: zeure buruaren errealitatea ezagutzen duzu, eta, horrez gain, aldatzeko saioak egin dituzu.Hasiera puntu ona da, baina ezin dizut estrategia edo aholku sinplerik eman horrelakoetan. Azterketa sakonago bat egin beharko litzateke zurekin: zehaztu askoz hobeto, noiz, nola, zein ekintza motatan, zein egoeratan gertatzen zaizun; zure baliabideak ezagutu, eta horrela garatze prozesu psikologiko indibidual bat egin zuretzat, beti psikologo baten eskutik.
OSASUNA. Psikologia
Aro berriak
Betidanik izan naiz oldartsua, baina arazo larrietan sartu barik. Gazteen kontuak zirela uste nuen, baina 35 urte bete ditut, eta antzera jarraitzen dut. Zer egin dezaket oldarkortasun hori ondo bideratzeko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu