Arrantza sektorearen errealitatea gizarteratzeko asmoarekin, Egun bat arrantzan erakusketa ibiltaria inauguratu zuten atzo Bilboko Itsas Museoan. Atzotik eta maiatzera bitartean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zenbait herritara eramango dute.
Itsasoan zein lehorrean lan egiten duten arrantza sektoreko langileen lana eta bizimodua gizartean ezagutarazi nahi dute erakusketaren bidez. Jon Azkue Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Industriarako sailburuordeak esan duenez, erakusketak «zuzen-zuzenean erantzuten dio zeregin horri»: «Arrantza herritarrengana hurbildu eta ezagutza areagotu behar dugu, modu erakargarrian ezagutzera eman, sektoreko agenteei protagonismoa emanez».
Antolatzaileek azaldu dutenez, arrantza sektorearen garrantzi «soziologikoa» eta «ekonomikoa» azpimarratu nahi dute erakusketan, eta, bereziki, emakumeek egiten duten lanarena. Azkueren ustetan, arrantza mundua ezezaguna da herritar askorentzat. Horregatik, sektoreko hainbat gai jorratu dituzte erakusketan.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, sei mila langile inguruk egiten dute lan sektore horretan. Horietako herenek itsasoan egiten dute, eta gainerakoek, lehorrean. Hori dela eta, antolatzaileek sektorean parte hartzen duten «agente guztiei» eman nahi izan diete lekua: arrantza ontzidiari, portuei, garaian garaiko arrainari, arrantzaleei, lehorreratze eta salmentari, fabrikei, ikerketa eta arrantza hezkuntzari, gastronomiari eta akukulturari, besteak beste.
Guztientzako erakusketa
Langileen eguneroko bizitza erakusten duten hamalau panelek eta hiru bideok osatzen dute erakusketa. Bideoetan, arrantza sektorean lan egiten duten zenbait pertsonaren testigantzak azaltzen dira: lehenengoan, horretan lan egiten duten emakumeei egindako elkarrizketak jaso dituzte; bigarrenean, gizonezkoei egindakoak; eta hirugarrenean, arrantzaren munduan teknologiak izan duen eragina azaltzen duten ikerlariei egindakoak. Panelak, bestalde, arrantzaren inguruko hainbat gaiez mintzatzen dira: ontzi eta arrantza teknika klaseez, arrain motaz, kontserba industrian egiten den lanaz, arrain merkatuetan egiten denaz eta arrainak euskal gastronomian duen lekuaz, beste batzuen artean.
Erakusketa adin guztietako ikusleentzat bada ere, Eusko Jaurlaritzak gazteenei begira eratzeko beharra ikusi du; hori dela eta, antolatzaileek gazteentzat egin nahi izan dute bereziki, eta inguruko ikastetxeetako ikasleek bisita gidatuak egingo dituzte. Azkuek azpimarratu duenez, «gaztetxoenek jakin behar dute badagoela arrantzari lotutako etorkizuna eta, batez ere, eguneroko jatorduetan arraina barnera dezatela, kontsumi dezatela eta ikas dezatela zein garaitan zer arrantzatzen den».
Erakusketa ibiltaria
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak sektorea «bultzatu» eta «indartzeko» asmoz antolatu du erakusketa ibiltaria.
Bilboko Itsas Museoan egin du lehen geldialdia, eta han hilaren 30a arte izango da. Ez da geldialdi bakarra izango, baina, handik beste zenbait txokotara eramango baitute. Arrantza munduaren inguruko erakusketa Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko hiriburuetan eta zenbait herritan jarriko dute, ahalik eta jende gehienak ikus dezan: Portugaleten (Bizkaia) egingo du bigarren geldialdia: urriaren 3tik 24ra bitartean Salazar Dorrean izango da, bertaratzen direnen gozagarri. Handik Donostiako Aquariumera eramango dute; urriaren 27tik azaroaren 31ra izango da han ikusgai.
Gipuzkoatik irten gabe, Eibarko El Corte Inglesen izango da urtarrilaren 10etik 30era bitartean, eta handik ArrasatekoKultur-Artera eramango dute, urtarrilaren 31tik otsailaren 20era.Usurbilgo Urbil merkataritza gunean jarriko dute gero, eta otsailaren 21etik martxoaren 9ra bitartean izango da ikusgai.
Martxoaren 10etik 26ra, erakusketa Laudioko Kultur Etxean izango da (Araba), eta 27an, Leioan jarriko dute (Bizkaia), Artea merkataritza gunean. Apirilaren 12ra arte egongo da han. Biharamunean zabalduko dute Gasteizen, eta maiatzaren 3a arte Boulevard saltoki gunean izango da. Hondarribian (Gipuzkoa) erakutsiko dute azkenik erakusketak; Zuloaga etxean izango da, maiatzaren 4tik 31ra bitartean.
Arrantza herritarrei hurbiltzeko erakusketa
'Egun bat arrantzan' erakusketaren bitartez, sektorea ezagutarazi eta haren garrantzia azpimarratu nahi duteBilboko Itsas Museoan egon ondoren, beste zenbait herritara eramango dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu