Entzuleak galtzaile. EITB.com atari itxuraz berrituari eta ustez ezin modernoagoari erreparatu, eta entzuleoi urrea baino aberasgarriagoa egiten zitzaigun zerbitzu bat zikiratu digutela ohar daiteke: murriztuta dator irratsaioen grabaketa entzungarrien kopurua.
Zer pentsatua. Euskadi Irratiaren programazio berria hizpide hartuta, ñabardura esanguratsuekin zetozen aurreko astean egin ziren aurkezpenak gazteleraz zein euskaraz, EITB.com-en. Gaztelerazko testuak zioen bere kultur irratsaioek batez ere euskal kultur eremuan —bere hizkuntzetan— gertatzen dena modu interesgarrian jasotzea dutela helburu. Aldi berean, EIri prestigioa eman diona euskal kultura bereziki zaintzea izan dela; Arantxa Iturberen Arratsean lirateke horren eredu. Euskarazko testuak, ostera, zera aipatzen du: «Kulturari ere arreta berezia eskaintzen dio Euskadi Irratiak, kultur adierazpen guztiei». Bi eletako testu horiek, EITBn euren irratiez dauden zenbait uste azaleratu zituzten. RE unibertsalista da; EI, ez. EIk euskal kultura zaintzen du; REk, ez…
Euskal Literatura. Portzierto, bakarrik euskarazko testuak zioenez, «Pompas de papel irratsaioak euskarazko eta gaztelerazko literatur aktualitatea jorratzen du». Felix Linares eta Enrique Martin gidariek Goizalde Landabasori bost minutu eman ohi dizkiote euskarazko libururen baten aipua egin dezan. Ordubeteko saio batean...
Carlos Carnicero.Ganbara-ko tertulietako azken fitxaketa sonatua dugu. Gogoratu Ser kateak kalean utzi berri duela: Gemma Niergaren La Ventana-n eta Angeles Barceloren Hora 25-ko iritzi emailerik zailduenetakoa zen. Sozialismoaren soziologian baitan, bertso asketzat jo izan da azken urtetan. Konspirazio usaina darion bertsioa aritu da kontatzen egunetan bera, besteak beste Rubalcaba, PRISAko arduradunak, Angeles Barcelo eta Ignacio Escolar kazetariak aipatuz. Itxura guztien arabera, Zapatero eta Rubalcabari (ez euskal sozialismoari) egin izan dizkien kritikak izan dira benetako motiboak. Egia esatera, ulergarriak dira Ganbara-koen arrazoiak Carnicero fitxatzeko: euskal sozialismoaren tesiak defendatuko dituen tertulianoen faltan dago RE. Gainera, euskal errealitate sozio-politikoa gertu-gertutik ezagutzen du Carnicerok...
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka
Arrazoiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu