Historia liburuetan ikasteko ohitura dagoen arren, bada paperaz gain nondik gatozen jakiteko beste euskarri bat: arroka. Horren adibide da Ypresiar eta Lutetiar mugako estratotipo izendatu berri duten Getxoko Azkorri edo Gorrondatxe hondartza (Bizkaia).
«Duela 50 milioi urte inguruko Lurraren Historiako bertsio ofiziala Gorrondatxeko hondartzan idatzirik dagoena izango da».Hala jakinarazi du Nazioarteko Estratigrafia Batzordearen erabakia Aitor Payrosek, EHUko irakasle eta estratigrafoak. Ondorioz, 2010etik aurrera, Ypresiar eta Lutetiar mugako sekzio geologikoaren munduko eredu izango da Getxo.
Batzordearen iritziz, Kubako, Txileko, Tunezko, Mexikoko, Espainiako eta beste herrialde batzuetako lagin geologikoak baino hobeak dira Gorrondatxekoak.
Asteburuan, nazioartean harkaitzak dituzten geruzak aztertzen dituzten hogei ikerlari bildu dira Getxon. Helburua zen Ypresiar eta Lutetiar mugako nazioarteko estratotipoa erabakitzea, 40 eta 60 miloi urte bitarteko munduko harrien eredua adostea.
Batzordeak adierazi duenez, Alakanteko Agost zen izendapenerako beste hautagainagusia, eta, bozketan, Gorrondatxeren alde agertu dira.
Ypresiar eta Lutetiar garaien arteko materialak aztertzen dituzten munduko zientzialari eta ikasle askorentzat bisitatu beharreko leku bihurtu da Getxoko Azkorri hondartza. Payrosen aburuz, etorkizuneko gertakariak aurresan ahal izango dira aurkikuntza eta izendapen horri esker.
Gaineratu du, Azkorriko hondartzako haitzen «kalitatea» dela garaile ateratzeko arrazoia. Izan ere, 4.800 milioi urteko adina izan arren, orain dela 4.600 milioi urtetik gaur arteko gertakari gehienak arroketatik «irakurtzeko» aukera ematen dute.
Gainera, Uribe kosta eskualdeak, badu oso gutxitan azaleratu den sekretu bat: Bladkites Inflatus fosila. Milimetroaren milarena neurtzen du, eta mikroskopio bereziak behar dira ikusi ahal izateko. Azkorrin dauden milioika fosilen artetik, Bladkites inflatus-a dagoen lekua izango da Ypresiar eta Lutetiar garaiko eredu geologiko unibertsala. Hots, aparkalekutik hondartzara doan bideko 167,85 metroan dagoen eremua.
25 urteko lana
Sei hilabete barru, Nazioarteko Estratigrafia Batzordearen proposamena Geologia Zientzien zuzendaritzak onesten duenean zintzilikatuko da Gorrondatxen munduko erreferente bilakatuko duen plaka. Alabaina, sei hilabete horien atzean ehun lagunen 25 urtetako lana dago. Urte horietan guztietan, baina, ez dute beti zortea euren alde izan. «Zumaiako eta Getxoko izendapenak dira lortutako sariak, baina porrotak ere izan dira hainbat. Suitzako eta Alemaniako geologoek Miarritze proposatu zuten Lurraren beste aro bateko lagina izan zedin, baina Nazioarteko Batzordeak Parisko eta Ingalaterrako eremuak hobeak zirela ebatzi zuen».
Hortaz, Zumaikoaz gain, Getxokoa izango da Euskal Herrikobigarren aitortza geologikoa, azalera txikiko herrialde batentzat zientzia ataleko altxorra.
Arroketan idatzitako historia
Getxoko Gorrondatxe hondartza Ypresiar eta Lutetiar aroen arteko munduko geologia eredu izendatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu