Berako (Nafarroa) Kaxerna gaztetxeak egun osorako plana antolatu du gaurko: auzolana eta gaupasa. Elkarlanean gaztetxea txukundu nahi dute, baina dibertitzeko aukera galdu gabe. Aurten bosgarren urteurrena du gaztetxeak, eta herritarrek autogestioa eta auzolana ardatz dituen gune bat eraikitzen jarraitu nahi dute. Horrela, bada, goizean goiz hasiko dira lanean. Bederatzietatik eguerdia bitartean, hainbat betebehar dituzte zerrendan: Internet sartu, elektritzitatea jarri, ateak bukatu eta abar.
Nekeza da, ordea, igeltsero, zurgin, argiketari eta margolari lanetan jardutea; horregatik, dilista jatea antolatu dute sabela bapo betetzeko. Arratsaldean, ahal den moduan ekingo diote berriro auzolanari, eguzkia sartzen den arte. Negua izaki, azkar iritsiko da lana utzi eta dantzan asteko ordua. Halere, festari hasiera eman aurretik, hirugihar, gazta eta azpizun bokatak jateko aukera izango da.
Gero, Hondarribiko (Gipuzkoa) Izaera taldeak eta Wilis Drummond Baionako (Lapurdi) rock taldeak kontzertuak emango dituzte. Azkeneko horrek kaleratu berria du estudioko hirugarren diskoa, Istanteak izenekoa. Kontzertuetarako sarrerak bost euroan daude salgai.
IZAERA ETAWILLIS DRUMMOND
Noiz. Gaur, 21:30ean.
Non. Kaxerna gaztetxean, Bera (Nafarroa).
Arropa zaharrekin lan eta festa
Gaur Berako gaztetxeak antolatutako auzolan eguna da; lana ez ezik, dantza ere egin daiteke gaueko kontzertuetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu