Arrosa bidez egin tratamendua Jeanne Bommel azkaindar (Lapurdi) erizain zaindariak duela urtebete abian eman duen ezohiko terapia da. Masaje eta arrosa terapia egiteko tituluak atera ostean, arlo horretan murgiltzeko saltoa eman zuen Bommelek.
Bereziki emakumeentzako zaintze metodoa da arrosa terapia, emakumearen sexu aparatuari onurak ekartzen dizkiolakoan. «Nerabe arotik, emazteek ormonei lotu erregularizazio arazoak pairatzen dituzte eta, beraz, gaizki izateak. Menopausia, hilekoaren minberak... lasaitu eta oreka bat aurkitzeko balio du arrosa terapiak», azaldu du erizain zaindariak.
Arrosa terapia filosofia holistikoan oinarritzen da. «Gorputzaren armonia eta oreka aurkitzean datza. Gorputza eta espiritua orekatzen ditu berriro», dio Bommelek. Ukimenaren bidez garatzen den artatzea da. Gorputzeko leku konkretu batzuetan egiten diren masajeen bidez eta erabili arrosa esentziari esker, pertsonen ongizatea bermatzen laguntzea du xede. «Medikuntzako tratamendu paralelo gisara proposatzen dugu. Ni ez naiz medikua. Baina argi dut arrosa tratamenduak onura ugari ekartzen dizkiola pertsonari, buruz ongi egoten laguntzen baitu. Konfiantza hartzeko eta lasaitzeko bide ezin hobea da».
Burua eta gorputza
Emakumeen sexu aparatuari onurak ekartzeaz gain, bide hau jorratzen duten terapeutek gorputzeko beste hainbat aspektutan arrosa terapiak dituen onurak azpimarratzen dituzte. Hala, maila mentalean zein fisikoan eragina duela ziurtatzen dute. Osasun mentalari dagokionez, urduri bizi direnei, bizitzaren presioengatik izaera ozpindua dutenei zein depresioa pairatzen dutenei aholkatzen diete. «Argi da egoera emozionalean eragin handia duela terapiak. Arrosa bidezko artatzea jaso duten pertsonak ez dira ateratzen etorri diren moduan. Emozioei loturiko tratamendu bat da», erran du Bommelek.
Fisikoki, berriz, organismoanzein aspektu estetikoan eragina duela baieztatzen dute. Aurpegian egin masajeak, mementoko lifting natural bat eragiteaz gain, azala goxatu eta elikatzen du.Izan ere, erabili arrosa esentzia F bitaminaz josirik dago. Organismoari begira, berriz, honako hau indartu, odol jarioa hobetu eta defentsa immunitarioak handitzen dituela diote.
Arrosa eta Dien-Cham
Arrosa terapia 2004an asmatu artatze metodoa da. Izenak dioen bezala, arrosa lorea du oinarrian. Arrosa olio kontzentratu baten bidez egiten dira masajeak. «Kalitate biziki oneko produktu bat da. Komertzioetan ez da topatzen erabili olioa», azaldu du Bommelek. Izan ere, arrosa olioaren tanta bat egiteko, 30 eta 50 arrosa petalo tratatu behar izaten dira. Egun, munduan ekoitzi funtsezko olioen %10 soilik egina da era horretan.
Artatzearen beste zutabeak Vietnamen du jatorria. Dien- Cham deitu metodo batean du oinarria. Vietnamgo akupuntoreek asmatu zuten teknika, eta filosofia erreflexologikoa du jatorrian. Filosofia erreflexologikoaren arabera, gorputzeko edozein atal gorputzaren osotasunarekin harremanean dago. Ildo horretatik, Vietnamgo akupuntoreek agerian utzi dute aurpegiko zenbait puntutan egin lanketak gorputzeko organoetan izan dezakeen eragina. Horretan datza Dien-Cham metodoa. Arrosa terapiak bereganatu du aurpegian egin masaje berezien bidez. «Diem Cham metodoa, egun, Vietmanen biziki zabaldua den teknika bat da. Jendeak kaleanbolalumen bidez aurpegian aplikatzen du».
Nahiz Arrosa terapian Vietnamgo akupuntoreen ezagutzak baliatu, bolalumak alde batera utzi, eta kuartzo mineralaren bidez egiten dira masajeak. Kuartzo minerala bere ezaugarri lasaigarriengatik da ezaguna. «Energia negatiboak positibo bilakatzeko duen gaitasunagatik ezagutua da mundu guzian». Dagoen mineralik «lasaigarriena» omen da.
Arrosa eta kuartzo mineralen bidez egiten den artatze saioak ordu bat eta erdi irauten du. Gorputzeko hiru ataletan lan egiten da bereziki, eta hiru modu zehatzetan. Lehena erreflexologia fazialean oinarritzen da. Erran bezala, kuartzo eta arrosa olioaren bidez aurpegian egin masaje berezi batean datza.
Bigarren bidea osteopatia abdominala deitu masaje bat egitean datza. Kasu horretan, sabel inguruan lan egiten du terapeutak. «Igarotze arazoak sendatu eta urdaileko azidotasuna saihesteko baliagarria da».
Azkenik, aroma terapiari ekiten zaio. Hanketan egin masajea da, eta erabili olioak pertsonaren araberakoak izaten dira. Izan ere, «batzuek hanka hanpatuak edo lodiak dituzte», dio Bommelek. Zirkulazioa hobetzeko balio duela dio.
Arrosa terapia Angelun
Nahiz oraino ezezaguna izan, arrosa terapia pixkanaka garatzen ari den artatze bidea da. Angeluko (Lapurdi) Jean Bommel terapeutak artatzearen onurak zein diren azaldu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu