Musika, poesia, dantza, marrazkigintza eta ikus-entzunezkoak. Horiek guztiak bat izango dira gaur Oñatin, Zubikoa pilotalekuan ikusi eta entzun ahal izango den Bizitzaren maitasun harian emanaldian. 19:00etan hasita, arte ezberdinak elkartzen dituen ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da. Gaurko emanaldirako espreski prestatutako hamahiru abesti ekarriko ditu Ganbara Txiki abesbatzak. Haren ondoan izango dira Andoni Salamero poeta, Zuhaitzaren Soinua Kolektiboko txalapartariak, Joana Manzisidor marrazkilaria, Oñatz dantza taldeko dantzariak eta Juan Ramon Txintxurreta argazkilariaren irudi-sorta.
Artista bakoitza bere ohiko kontestutik kanpo ikusi ahal izango du ikusleak; aldi berean, arte ikuskizun berezia eta bakarra osatuko dute denen artean. Ehun pertsonatik gora elkartuko dira taula gainean bizitzaren zikloko aro desberdinak antzezteko. Emanaldiaren haria Ganbara Txikik eta Salamerok eramango dute, eta dantzariak inoiz ez bezala ikusi ahal izango dira: jantzi modernoak soinean eta musika modernoa dantzatuz. Txalaparta erritmoei jarraiki, olerkiei irudia jartzen saiatuko da Manzisidor, pantaila batean proiektatuko diren argazkien alboan.
'BIZITZAREN MAITASUN HARIAN'
Noiz. Gaur, 19:00etan.
Non. Oñatin, Zubikoa pilotalekuan.
Arte ezberdinak obra bakarrean
'Bizitzaren maitasun harian' ikuskizuna eskainiko dute gaur Oñatiko pilotalekuan, 19:00etatik aurrera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu