Ahalmen gutxiago duenak baliabide edo laguntza gehiago behar du, bai gizartean bizitzeko, bai eskola bidea egiteko. Frantziako Estatuak ahalmen urriko haurren eskolatzea bermatzen du legez, baina paper errea bihurtzen da eskubidea errealitatean diruztatu behar delarik. Duela urte batzuk ahalmen urriko haurren eskola integrazioa bermatzeko lanari ekin zion Seaskako Integrazio Batzordeak. Urteak joan arau, haur gehiago eskolatu ditu, erronka ekonomikoa bizkarrean hartuz. Iaz, ordea, 16.000 euroko galera ukan zuen, eta ikasturte honetan egoera ez da zuzenduko, Frantziako Hezkuntzak ez dizkiolako eman behar dituen baliabideak. Hutsune hori betetzeko, Integrazio Batzordeak Euskal Herriko artistei egin die dei. Joari errefera eman diote hamalau artistak. Hamasei artelan Seaskaren esku utzi dituzte, eta gaur salduko dira enkantean, Senpereko Larraldea baserrian.
Agurtzane Anduetza, Xabier Soubelet, Josette Dacosta, Mattin Partarrieu, Nestor Basterretxea, Rosa Valverde, Zigor, Zoe Bray, Juan Gorriti, Irkus Robles Arangiz, Gonzalo Etxebarria, Bixente Garcia, Michel Hacala eta Mixel Dalbretek presente ihardetsi diote Integrazio Batzordeari. Orotara lau zizel lan eta hamabi margolan ezarriko dituzte enkantean.
Erronkari so
«Erronka handia da, ez baita erraza iazko galerak estaltzea, baina artistek konfiantza handia eman digute, eta jendeak hurbiltzen badira lorgarria da helburua», dio Dominique Idiart Integrazio Batzordeko lehendaka- riak. Artelan batzuk 300 eurotan ezarriko dira salgai; bertze batzuk, bi mila eurotan. Artisten ekarpena iazko galerak estaltzea baino balio handiagoa duela nabarmendu du Idiartek. Funtsean, gizartearen begirada aldatzea da helburua, eta ezina plazaratuz ahalmen urriko haurren egoera plazaratzeko ere balio du artisten laguntzak. Izen handiko artistak dira, eta haien ospeak arte munduan ohikoa ez den gaia plazaratzeko balio du.
Beharrari erantzuteko sortu da ekimena. Irailean bildu ziren Integrazio Batzordeko kideak, diru galerari nola erantzun aztertzeko. «Duela zortzi urte artistek elkartasun ekimen bat egin zuten Demoen sostenguz, eta gisa horretako ekimen bat egitea posible ote zen galdetu genion Andoni Iturriotz Senpereko Larraldea baserriko jabeari», azaldu du Idiartek. Berehala zerrenda osatu, eta artistek baikor hartu zuten eskaria. Artistek ez dute denborarik ukan bereziki enkanterako lanik egiteko. Aldiz, etxean zeukaten lanak hautatu eta urririk utzi dute Integrazio Batzordearen esku.
Behin-behineko ekimen gisa sortu dena errepika daiteke geroan ere. Aurten Seaskak ahalmen urriko 40 haur eskolatu ditu, eta urtea bukatu aitzin bertze laupabost gehiagorekin berdin egin dezake. Baina Frantziako Hezkuntzak ez ditu eskola bizirako laguntzaile guztiak bere gain hartuko. Lau Seaskaren gain dira dagoeneko, eta berdin gertatzen da bederatzi hezitzaile lanposturekin. Familiek, iaz bezala, auzitara joko dute. Baina arrazoia lorturik ere, epaiketako ebazpena apiril aldera emanen dute. Iaz hamazazpi familiak eraman zuten auzitara Frantziako Hezkuntza.
Artea, eskubideen berme
Euskal Herriko hamalau artistak ahalmen urriko haurren alde eman dituzten artelanak enkantean salduko dituzte gaur, Senpereko Larraldea baserrian, Seaskako Integrazio Batzordearen ekimenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu