Artearen aurpegirik sozialena

Oteiza museoko kideak hiru hilabetez egon dira Iruñeko San Francisco Javier buruko errehabilitazio klinikako gaixoentzako sorkuntza tailerrak eskaintzen, eta erakusketa bat antolatu dute sortutako lanekin.

Inigo Astiz
Iruñea
2012ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Arte lanak ez du inor hezten; arte lana esperimentaziorako tresna bat da». Oteizaren hitz horiek dira Aitziber Urtasunen iparra. «Gizartearen parte da artea, eta erabili egin behar da», dio. Oteiza museoko Didaktika Saileko arduraduna da, eta, dioenez, Oteizaren esaldiek laburbil dezakete bere lan ildoa. Esaldi horiek osopresente izan dituzte Jokoz kanpo izeneko erakusketa osatzeko ere. Artearen alderik sozialena landu dute. Oteiza museoan iaz ikusgai egondako Homo ludens izeneko erakusketatik abiatuta, hiru hilabeteko sorkuntza tailerra egin dute Iruñeko San Francisco Javier buruko errehabilitazioko klinikako gaixoekin. Esperientzia horren emaitza jarri dute orain ikusgai Iturrama auzoan, Civiboxen, otsailaren 25era arte.

Jolasa izan da tailerren bizkarrezurra. Bisita bat egin zuten lehenik museoko erakusketara, eta han ikusitako lanekin abiatu zituzten gero tailerrak. Jadanik sortutako pieza haiekin jolastea zen helburua. Urtasunek azaldu du zergatia: «Artearen alderik ludikoenak lagun dezake lasaitasun uneak eta algara uneak sortzen eta beldurrei aurre egin ahal izateko adorea biltzen». Hori zen xedea: artearen bidez gaixoen arteko komunikazioa piztea eta bizi diren bakartze egoeratik ateratzeko helduleku bat eskaintzea. Izen handiko artisten lanak erabili dituzte horretarako: Tristan Tzara, Marcel Duchamp eta Man Ray, besteak beste.

Zortzi multzotan antolatu dute Civiboxeko erakusketa. Paperez egindako txoriak dira ikus daitezkeen lehen lanak. Ramon Acin artistaren lan baten bariazioak dira. Mugimenduan jartzen ditu Acinek paperezko irudiak bideo batean, eta horman jarri dituzte San Francisco Javier klinikakoek eurenak, bata bestearen ondoan.

Tristan Tzara poetak proposatutako jolasa onartuta osatu dituzte beren poemak bigarren atalean. Tzararen Poema dadaista bat egiteko izeneko testuan proposatutako argibideei zintzo jarraituta. «Hartu egunkari bat./ Hartu guraize batzuk./ Aukeratu egunkarian poemari eman nahi diozun luzeraren araberako artikulu bat./ Moztu artikulua./ Moztu kontu handiz artikulua osatzen duten hitzetariko bakoitza eta sar itzazu poltsa batean./ Eragin goxo./ Orain atera itzazu zatiak bata bestearen atzean/. Kopiatu arreta osoz poltsatik atera diren ordena berean./ Zure antza izango du poemak./ Eta idazle infinituki originala zara/ sentsibilitate miresgarrikoa, herri xeheak ulertzen ez zaituen arren».

Sistema horren bidez sortutako poemak daude erakusketan. «Nahiko bakartuta bizi dira buruko gaixook, apenas hitz egiten duten inorekin eta apenas duten harremanik inguruarekin. Ariketa horren bidez, egunkaria irakurtzeko beharra azpimarratu genien, klinikatik kanpo ere gauza garrantzitsuak gertatzen direla ikus zezaten», dio Urtasunek.

Soinu poemak ere egin dituzte. Grupo Texto Poetico sortzaile taldearen proposamenei fidel. Poema sonoro izeneko poema bat hartu dute oinarritzat: «Nahi duzuna idatzi boligrafoak edo arkatzak papera harramazkatzean egiten duen soinuan arreta jarriz». Eta, hain zuzen, hori da Oteiza museoko Didaktika Sailekoek tailerretan proposatutako jolasa: idazkeraren hotsari arreta jartzea. Poema idazteak zer soinu sortzen duen aztertzea. «Lasaitu egin zituen ariketak», azaldu du Oteiza museoko arduradunak, eta elkarrizketak ere piztu zituen. «Egia da hots ezberdina dutela», esan zion taldeko kide batek tailerren arduradunetako bati, eta hark erantzun: «Noski, gure pentsamenduak oso ezberdinak dira». Ikusi egiten da soinua testuetan. Adibide bat: «Diru gutxi daukat/ Diru gutxi daukat». Arkatzez dago lehen kexa idatzita eta errotulagailu urdinez bigarrena. Berdinak dira hitzak, baina entzun egiten da bien arteko hots ezberdintasuna.

Hiriaren konkista

Buruko gaixoentzat hiria mehatxu bat da maiz. Hala sentitzen dute San Francisco klinikakoek ere. «Tabernara joatea, parkean paseatzea edo supermerkatura joatea oso zaila da haientzat», dio Urtasunek. «Jendeak begiratu egiten diela uste dute, eta, azkenean, etxean gelditzea erabakitzen dute». Horri buruz eztabaidatu zuten tailerrean. Izua sortzen zieten hiriko guneei buruz aritu ziren hizketan lehenik, eta gune horiek artearen bidez konkistatu zituzten gero. Aipaturiko lekuei argazkia atera eta klik panpinen bidez berenganatu zituzten. «Gune horiei izua galtzeko balio izan zuen».

Klinikako gaixoekin lanean jarraituko dute aurrerantzean, Oteizaren lanak abiapuntutzat hartuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.