Artiumeko kafetegian gosaria hartzen ari da Pedro Martinez de Aramaiona, goizeko bederatziak aldera. Frantzia kalean gora eta behera doazen hiritarrei begira, kafea eskuan, goizerako indarrak pilatzen ari da: «Hirigunera mandatuak egitera joan aurretik eskuak berotu behar ditut; oharkabean harrapatu nau udazkenak!».
Azken kafe zurrupa hartu, eta kalera ateratzean topo egin du dozenaka haurrekin, eskutik helduta, Artiumeko sarreran. Umandi ikastolako Haur Hezkuntzako ikasleak dira. Ordu eta erdi falta da oraindik Arte Garaikideko Euskal Zentro-museoa ireki arte, baina, goizero gertatu ohi denez, pertsona batek ateak parez pare ireki dizkie.
«Artelan baten aurrean egotean kremailera jarri behar dugu ahoan, eta ondo-ondo begiratu koloreak, formak, tamaina...». Hezitzaile batek oinarrizko ideiak eman dizkie goizeko lehen artelanaren aurrean: Jose Luis Zumetaren Gernika da, Argia Barrura erakusketaren barnean dagoen margolana. Pinturan dauden pertsonek adierazten dituzten sentimenduei buruz hitz egin dute gero, eta ikasle horiek aurretik eskolan landu duten gai batekin lotu du hezitzaileak: beldurra sorrarazten dieten gauzak.
Anabel Quincocesen Water Flames eskulturaren eta Rogelio Lopez Cuenca Wellcome to the Paradise lanaren aurrean prozesu bera egin dute: kremailera, gogoeta eta ideiak partekatzea hezitzailearen galderen bitartez. Ideia horiekin guztiekin Artiumeko tailerretara abiatu dira, taldetan beldurra sorrarazten duten gauzei buruzko artelana egiteko prest.
«Gu al gara artea?»
Umandiko ikasleak lurrean ahoz gora etzanda sabaian dagoen Water Flames artelana ikusten ari ziren bitartean, Artiumeko ateak berriro ireki dira. Beste ikasle talde bat pilatu da atearen aurrean. Nagusiagoak azken horiek. Donostiako Intxaurrondo auzoko (Gipuzkoa) Maria Auxiliadorako institututik heldu dira Artiumera, Konexioak + ekimenean parte hartzeko prest. Museoan sartu, eta eskailerak jaitsi gabe ere Fucking Amal filma ikustera joan dira. Zinema eta arte garaikidea baliatuta, eztabaida, analisia eta gogoeta sustatu nahi dituzte Konexioa + ekimenarekin, eta horri ekin diote filma bukatzean.
Filmari buruzko eztabaidaren ostean Esther Ferrerren Lau mugimendutan erakusketara joan dira, eta arte garaikideari buruzko gogoeta hasi Artearen markoan artelana baliatuta. «Zer ikusten duzue? Gu gaude barruan, ezta? Gu al gara artea?». Gogoeta horiek entzuterako bisitariei ateak ireki dizkie museoak. Gasteizen oporretan dagoen Kanaria Handitik heldutako laukote bat erakusketaz erakusketa dabil ordurako.
Egunak aurrera egin ahala bisitari gehiago heldu dira, eta 14:00etan itxi arren, arratsalderako prestatzen hasi dira. Zenbait irakasle helduko dira orduan, eskolan landu ditzaketen gaiei buruz museoko arduradunekin hitz egiteko. «Meritu izugarria dute, eskolaz kanpoko orduetan baitatoz», gogorarazi du programa horren arduradunak. Bilera horietatik etorriko dira etorkizunean, goizeko lehen orduan, Artiumeko erritmoa biziko duten bisitariak.
Plaza giro
Artearen erritmo bizia
Ohiko museoen iruditik harago doa Artium, bisitarientzat irekita ez dagoenean ere gazteen hezkuntzan parte hartu eta dozenaka ekimen hartu ohi dituelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu