Artea dibertigarria da, eta zirikatzeko egina dago. Hala azaldu dute Arteando Arte Garaikidearen azokaren antolatzaileek. Azoka aurten antolatu dute lehenengoz, eta bihar zabalduko dute Irungo (Gipuzkoa) Ficoba erakustazokan. Egungo arte plastikoak publiko orori gerturatzeko xedea du azokak. Pintura, eskultura, argazkia, grabatua , bideoartea eta beste hainbat alorretako artelanak egongo dira ikusgai.
Bisitariak galeria parte-hartzaileen bidez obra eta artistei buruzko informazioa eskuratu ahalko du. Galeria orotan bisitariei azalpenak emango dizkion arduradunak egongo dira.
Erakusketaren antolatzaileek azaldu dutenez, azokaren helburu nagusia artisten lana bultzatzea eta munduko leku guztietako korronte artistikoen sormenezko esperientziak trukatzea da.
Hogei galeria baino gehiago bisitatu ahal izateaz gain, artistak azokara gerturatuko dira obrei buruzko azalpenak ematera.
Munduko 150 artistaren lanak erakutsiko dituzte, eta izen handiko zein hasiberrien obrak ezagutu ahal izango dira. Halaber, abangoardiako artistentzako bost proiekzio gela prestatu dituzte, euren lan urratzaileak erakuts ahal izateko.
Bihar arratsaldean izango da inaugurazio ofiziala, 19:30ean. Ostiralean arratsaldean ikusi ahalko da erakusketa, 17:00etatik 21:00etara, eta asteburuan eta astelehenean, berriz, egun osoan eguerditik aurrera.
Gerizpean. Uda-pasa
Arteaz gozatzeko azoka
Arteondo Arte Garaikidearen azoka bisitatu ahal izango da Irunen bihartik asteartera bitartean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu