Mundu osoko hondamendi bat iritsiko da hemendik lau urtera, Peter Wadhams zientzialariaren arabera. Aurreikusi du artikoko itsas izotzak 2016ko udan urtuko direla, eta, egoera hori kontuan hartuta, «presazko» ideiak eskatu ditu Lurreko tenperatura jaisteko.
Cambrigeko unibertsitateko (Erresuma Batua) zientzialaria da Wadhams, eta klima aldaketan aditua. The Guardian egunkariari emandako elkarrizketa batean, adierazi du klima aldaketari dagozkion irtenbideak ezin direla pentsatu hemendik hamarkada batera edo bitara eragiteko begira. Neurriek berehalakoak izan behar dute. «Ez dira karbono dioxidoaren igorpenak bakarrik murriztu behar; tenperaturaren gorakada geratzeko moduak bilatu behar dira».
Geoingeniaritzak eman ditzakeen aukerak azaldu ditu zientzialariak. «Eguzki izpiak espazioan islatzeak hodei zuriagoak eragingo lituzke, eta modu horretan, ozeanoari karbono dioxidoa xurgatzen duten mineralak emango genizkioke». Ozeano Artikoko itsas azpiko izotz geruzen datuak hartzen urte asko pasatu ditu Wadhamsek, eta ikerketa horiek ondorio gordin batera eraman dute: «2015. edo 2016. urtean kolapso bat izango da». Urte horietako udan, abuztua eta iraila bitartean, Artikoko itsasoko izotzak urtu eta mundu osoko hondamendi bat gertatuko dela pentsatzen du.
Hondamendiaren arrazoia zein den argi du Wadhamsek: Lurreko tenperatura igotzea. Azaldu du klima berotuz joan den heinean neguan izotz geruzak ez direla hainbeste hazi, eta udan izotza gehiago urtu dela. «Hasieran, izotz geruzen mugak uste baino mantsoago egiten zuen atzera udan, eta abiadura horrekin beste 50 urte iraungo zuela pentsatzeko uste sendoak zeuden». Baina, azkenean, udan urtu den izotz kantitatea handiagoa izan da neguan hotzarekin berriz sortu dena baino.
Abuzturik beroenetakoa
Tenperatura igotzea da Artikoko izotzak urtzeko arrazoia, eta kaleratutako datuek behin eta berriz ematen dute fenomenoaren berri. Joan den abuztua 1880tik izan diren abuzturik beroenetan bigarrena izan da munduan. 14,7 gradu egin ditu, Munduko Meteorologia Erakundearen arabera,mundu osoko batezbestekoa kontuan hartuta. 1998an bakarrik gainditu zen zifra hori —14,8 gradu egin zituen—, eta 2001ean eta iaz batezbesteko bera erregistratu zen. Tenperaturaren igoera, batez ere, Kanada ekialdean, Groenlandia hegoaldean, Europa erdi eta hegoaldean, Japonian, Paraguain eta Australia ekialdean izan da.
Zientzia. Bioteknologia
Artikoko itsas izotza hemendik lau urtera urtuko da
Peter Wadhams zientzialariak tenperaturaren igoera gelditzeko berehalako ideiak eskatu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu