Artikutzako aterpetxe berritua gaur irekiko dute

Legeak eskatzen zituen eraberritze lanak egin ostean, gaurtik alokatu daiteke aterpetxea; 32 lagunentzako tokia du

Erredakzioa
2011ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Zaharberritze lanak bukatu eta arazo burokratiko oro gainditu ondoren, Artikutzako aterpetxea bisitariak jasotzeko moduan dago. 2009ko urtarrilean itxi zuten, eta gaur irekiko dute, hiru urtez itxita egon ondoren. Hogei urtetik gora egin zituen martxan Artikutzako etxeak, baina lege eskakizunak bete ahal izateko itxi zuten eta hasi zituzten berritze lanak.

Hiru urte egon da itxita eraikina, eta aterpetxearen zurezko ateak berriro zabalik ikusteko modua izango da gaurtik aurrera.Batez ere barruko aldean dira agerikoak egin dituzten aldaketak. Sukaldea handitu egin dute, eta komunak gurpil aulkientzat egokitu dituzte. Aterpetxeko logela guztietan, suteen aurkako elementuak jarri dituzte, legeak ezartzen dituen arauetara egokiturik, eta eraikineko leiho eta baranda guztiak legeak eskatutako segurtasun garaierara moldatu dituzte.

Etxea osorik alokatzen da taldeentzat. Gehienez 32 laguneko talde batek igaro dezake gaua, 125 euroren trukean, baina hamar pertsonako taldeek ere aloka dezakete. Aterpetxean pasatutako hirugarren gautik aurrera, 104 euro ordaindu beharko dute taldeko, eta bosgarren gauetik aurrera, berriz, 52 euro.

Aterpetxeari buruzko informazio gehiago eskuratzeko eta tokia eskatzeko, bi bide daude:[email protected] helbide elektronikora idatz daiteke, edo (0034) 690-72 02 64 telefono zenbakira deitu.

Donostiako Udalaren jabetza

Nafarroan dago Artikutza, Goizuetatik hurbil, baina Donostiako Udalak du haren jabetza 1919. urteaz geroztik. Egun aterpetxea den eraikina 1950eko urteetan eraiki zuten, inguru eder batean eraiki ere: 3.700 hektareako lur eremu babestuak inguratzen du. Ramon Labaien alkate zela hartu zuen etxeak aterpetxe funtzioa, 1980ko urteetan. Orduz geroztik, ingurune ikusgarri horretaz gozatu dute eskoletako ikasle taldeek nahiz aterpetxean ostatu hartu dutenek.

Izan ere, bisita gidatuak antolatzen dituzte Artikutzan. Azaroaren 20an egin zuten aurtengo denboraldiko azkeneko bisita. Neguko hilabeteekin batera etenaldia egingo dute, eta jarduerei eta bisita gidatuei martxoan berrekingo diete, udaberriarekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.