Gerizpean. Uda-pasa

Artikutzako San Agustin

Artikutzak ateak irekiko dizkie bihar ibilgailuei, San Agustin eguna ospatu eta parajeaz gozatzeko

Pilota partidak izan ohi dira gehien ikusten diren ekitaldiak. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
2011ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Urtean behin egon ohi da Artikutzan autoz sartzeko aukera: San Agustin egunean, hain zuzen ere. Hainbat ekitaldi prest daude jai egun polit eta atsegina pasatzeko.

Oinez edo bizikletan urteko edozein egunetan sar daiteke Artikutzan, eta, nola ez, asko eta asko izaten dira onddoak biltzera edo, besterik gabe, ibiladitxo bat egitera hurbiltzen direnak. Bihar, ordea, ibiltariez gain, beste jende asko bilduko da han.

Goizean goiz zabalduko dituzte ateak, eta egun osan egongo dira eskulangileak gazta, erroskilak eta taloak eskaintzen. Horrez gain, bi taberna egongo dira irekita. 11:00etan emango zaio hasiera lehen ekitaldiari, Artikutzako Ermitako mezarekin. 11:30ean, pilota partidak jokatuko dira frontoian. Bazkaltzeko, norberak etxetik eraman dezake jatekoa, eta tabernan eskaintzen dituzten ogitartekoak ere erosi ahalko dira.

Behin sabela beteta, 16:30ean, bertso saioa izango da Xabier Silveira eta Igor Elortza bertsolarien eskutik. Ondoren, 18:00etan, aizkolari eta harri-jasotzaileen txanda iritsiko da. Donato eta Oihan Larretxea Iñaki Azurmendi eta Mugerzarekin lehiatuko dira aizkoraz, eta Agustin Arruti Landarbide eta Aimar Irigoien gaztea harria jasotzen.

Bukatzeko, 19:00etan, Naima taldearen musikak giroturik, dantzaldia egongo da.

Iñaki Uranga Artikutza parkeko administrariak gonbita zabaldu du bertatik bertara inguru hori ezagutu eta jaiaz gozatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.