Donostiako Aste Nagusia. Kanoikada

'Artillero'-k sua piztu du jada

Eguraldia lagun, udaletxeko inguruak jendez lehertu beharrean izan dira Luis Mokoroak kanoiaren metxa piztu dueneanKanoikadaren burrunbak askotariko musika eta festa ekarriko du Donostiara astebetez

Jendetza bildu da Alderdi Ederren, Aste Nagusia irekitzen duen ekitaldia ikustera. JAGOBA MANTEROLA/ARGAZKI PRESS.
Donostia
2011ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Ikusle bat gehiago sartzen ez zela zegoen udaletxe aurrea, bertaratuak zazpiak noiz iritsiko zain zeuden bitartean. Aurten ere, urtero bezala, Luis Mokoroa Euskal Gastronomia Kofradiako sortzaileak izan zuen Donostiako Aste Nagusiari hasiera ematen zion kanoikadari su emateko ohorea.

Urduritasuna nabaria zen; batez ere, txiki eta gazteen artean. Kanoiak noiz lehertuko zain egon arren, batek baino gehiagok sekulako saltoa hartu zuen danbatekoa entzundakoan. Aise pasatu zitzaien sustoa, ordea. Hurrengo zazpi egunetan gozatuko zutenaz jabetuta, aurpegi irribarretsuak baino ez zeuden inguruetan. Atzerritarrek, kamerak eskuan, momentu hori gordetzeko argazkiak atera zituzten. Guztira, 279 jarduera bilduko ditu aurtengo egitarauak, adin eta gustu guztiak asetzeko helburuarekin.

Aurten, Añorgako KKE-ko kadeteen mailako emakumeen futbol taldeari egokitu zaio Artillero kantatzea. Helsinki Cup izeneko futbol txapelketan erdietsitako hirugarren postua omentzeko asmoz eskaini diote aukera, eta, nola ez, neskek onartu egin dute.

Kanoikada bota aurretik, oholtzara igotzeko orduan, animo eta txalo ugari jaso dituzte bertaratutako zaleen eskuetatik. Bat baino gehiago, aurpegia gorri-gorri zuela atera da agertokira, kazetariek eta kameralariek Hollywood-eko aktoreak balira bezala argazkiak ateratzen eta galderak egiten zizkieten bitartean.

Kanoia danbatekoa eman baino lehen, euskal preso eta iheslarien aldeko oihuak entzun ziren. Baita kanoikadaren ostean ere. Gainera, udaletxe parean bildutako hainbat lagunek preso eta iheslarien aldeko ikurrak ere erakutsi zituzten.

Hainbat musika talde ere aritu ziren Donostiako kaleak girotzen. The Joselontxo´s, Conchita´s band, Los Musaïcos, Los Bebes de la Bulla eta Alloa Bowmanr Pipe Band, esate baterako. Hala, bada, hainbat musika mota elkartu ziren Alderdi Ederreko ingurumarian. Besteak beste, gaita jotzaileak eta erritmo biziko taldeak.

Horiez gain, txikienen gozamenerako erraldoi eta buruhandiak izan ziren.

Euskal Gastronomiako Kofradiako Konpainia ere pixkanaka-pixkanaka hurbildu zen Alderdi Ederrera danborra joaz. Abuztuaren 31, San Jeronimo eta Hernani kaleak igaro eta udaletxeko oholtza gainera iritsi ziren. Batukadek baino doinu tradizionalagoa eskaintzen zuten konpainiaren ohiko danborrek.

Behin jai giroan murgilduta, pixkanaka-pixkanaka Alderdi Ederren bildutako jendea Donostiako kaleetan banatuz joan da. Bulebar etorbideak jasan du trafiko gehien, udaletxearen eskuinaldean kokatutako eszenatoki batean Oskorri taldearen kontzertuaz gozatzeko aukera izan baitzen kanoikada bukatu bezain laster.

Hogeita hamabost urte baino gehiagoko ibilbidea duen taldeak jende asko eta asko geldiarazi du eszenatoki aurrean, udaletxe aurrean bildutako jendeari alde zaharrerako bidea eragotziz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.