Bilboko taberna batean jarri digu hitzordua Jose Lejarraga Petiso txikitero ezagunak (Getxo, Bizkaia, 1928). Tamainaz txikia denez, ez duela inbidia, haserrea eta antzeko sentipen ezkorrentzako lekurik dio. Zerbitzariak erre dezakeela esan dionean, lasai hasi da galderak erantzuten, irribarrea behin ere galdu gabe.
Algortan jaio eta Algortan bizi, baina zeure burua bilbotartzat duzu.
Bilbora etorrita beste bilbotar bat sentitzen naiz. [Iñaki] Azkunak esaten duen moduan, bilbotarra nahi duen lekuan jaio daiteke. Halere, nik beti esaten dut Algortakoa naizela. Kontua da, algortarrek kritikatu egiten nautela. Harro egon beharko lukete, algortar bat Bilbon ezagun egin delako.
Begoñako Amarenganako sinesteduna ere bazara, eta urtero salbea abesten diozu Txikitero Egunean. Ezinbesteko baldintza al da txikitero izateko?
Noski! Begoñako Amaren eta Athleticen jarraitzailea izan behar da. Fedetik eta futbol zaletasunetik kanpo dagoen zerbait da. Fededun ez diren txikiteroek ere aparteko miresmena diote Ama Birjinari. Zazpikaleetan haren irudia duen itsulapiko bat dugu, eta hara botatzen ditugu etxerakoan sobratu zaizkigun txanponak.
Medikuarengana joan zara, eta esan dizu ezin duzula gehiago alkoholik edan. Hori gertatuko balitz, kasu egingo al zenioke?
Ezta pentsatu ere! Nik edaten jarraituko nuke. Orain arte ere neurriz edan dut, baita erre ere. Hala eginez gero, ez dut uste arazoa denik. Ez dago medikuak alkohola debekatzeko motiborik. Eskatuz gero, ez nioke kasurik egingo.
Txakolina eskatu duzu. Basoerdiak edateko baliagarri da?
Ni gaztea nintzela, goizez 25 basoerdi edaten ziren, eta arratsaldez 30 inguru. Goizez zuria edaten zen, eta arratsaldez beltza. Baina zuriak gero eta burutsuagoak ziren, eta azkenean goizez ere beltza nagusitu zen. Baina azkenaldian oso txakolin onak agertzen ari dira, eta txakolin zuria berreskuratu dugu goizerako.
Kontuak ateratzen hasiz gero... basoerdi asko dira, ezta?
Baina hori lehengo kontua da. Orain askoz gutxiago edaten da, neurrian. Komunikabideek lehen beste edaten dugula zabaldu duzue, eta horregatik dugu mozkorti fama.
Bilbori eta hiriarekin lotura duten gaiei edo emakumeei buruz hitz egiten dute nik ezagutzen ditudan bilbainada guztiek. Ez al dago beste gairik?
Hala behar dute izan! Bilbainadek gai alaiak izaten dituzte hizpide. Noiz edonoiz, lagunen bat hiltzen denean bilbainada malenkoniatsuren bat abesten dugu, baina normalean beti alaiak izaten dira.
Euskarazko bilbainadarik ba al dago?
Ez, azkenaldian euskaratu dira batzuk, baina ez dute arrakasta bera lortzen. Bilbainadak beti izan dira gaztelaniaz, berez. Baita diktadurak euskara debekatu aurretik ere.
Bilbainadez aparteko kantak ere abestu izan dituzu zuk.
Beti gustatu izan zait abestea. Artista izateko jaio nintzen ni. Urte askoan Bihotz Alai abesbatza ezaguneko kide izan nintzen. Munduko herrialde askotan abestu dut nik! Bilboko tunan ere ibilia naiz. Hiri honek inoiz izan duen tunarik onena zen, nire ustez.
Askoren ustez, tipo xelebrea zara, barrea eragiten duena. Horregatik ibili al zinen pailazo lanetan?
Askok ez dute jakingo, baina ni Euskal Herriko Zirkuaren Museoko dekanoa naiz. Kideen artean zaharrena naizelako, e? Ez beste ezergatik. Herriz herri ibiltzen nintzen, Diaz anaiekin batez ere. Bilboko bikote ezagun bat ziren. Gehienbat Santa Marina ospitalera joaten ginen, Artxanda mendira. Goizetan izaten ziren saioak. Beti egon izan dira pailazo argia eta tentela. Eta hiru zirenean, bigarren tentel bat egoten zen. Nik azken horren lanak egiten nituen. Baina gauza bat esango dizut: argi itxurak egiten zituena zen benetako tentela, zekien guztia tentelari esker baitzekien.
Zure lanbidea, ordea, hori guztia baino serioagoa izan zen.
Bai, arkitektoa izan naiz bizi guztian. Nork esango luke Petisoren ibilerak ezagututa! Azken urteetan funtzionarioa, postua lortu bainuen. 65 urterekin hartu nuen erretiroa, eta orduz geroztik asti gehiago izan dut zaletasun hauetarako guztietarako.
Etxean zer esaten dizute? Artistarik izan al duzu familian?
Inor ez, gurasoak ondo serioak ziren. Halakoxea jaio nintzen ni. Bi alaba dauzkat, eta pozik daude daukaten aitarekin. Eta emazteak ere halakoxea ezagutu ninduen. Bazekien zer zegoen. Aukeratu baninduen, naizen modukoa nahi nauelako izango da.
Sasoiko zaude oraindik, bizikletan ibiltzeko lain.
Nire zaletasun handiena da. Munduko txapelketetan ere ibili naiz. Algortako San Inazio jaietako lasterketan urtero egiten dut erakustaldia nik ditudan tramankuluekin, triziklo eta enparauekin. Ezagutzen duzu Tourrean, Giroan eta halako lasterketetan deabruz jantzita agertzen den italiarra? Harekin ibilia naiz ni.
«Artista izateko jaio naiz»
Txikiteroa delako eta bilbainadak kantatzen abila delako da ezagun Jose Lejarraga. Baina bestelako zaletasunak ere baditu: txirrindularitza eta zirkua, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu