Artzain Eguneko usaina

Aparteko giroa ekarri du Artzain Egunak Ordiziara. Eguraldia lagun, bi bat mila ardik erdiguneko kaleetatik igaro dira. Gainera, Idiazabalgo gaztaren garaia hasi dute.

Maite Alustiza.
Ordizia
2011ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Mendeak daramatzate Ordizian (Gipuzkoa) asteazkenetan azoka antolatzen; datorren urtean, 500 urte beteko dituzte, hain zuzen. Atzo ere, asteazkena izanik, azoka eguna zuten herrian, baina egunerokotik aparteko kolore, usain eta zaporeak ekarri zituen Artzain Egunak.

Goiz-goizetik nabari zen mugimendua erdiguneko kaleetan. Ardiak ere kalera irten ziren, eta euren ileak atondu ondoren, mendialderako bidea hartu zuten Kale Nagusitik. Jende ugari bildu zen herriko plazatik behera egin zuten ibilbidea ikustera, baita azokako postuetara ere. Saltokietako barazki eta fruituek kolorea eman zioten Ordiziako erdiguneari; usaina eta zaporea, berriz, Idiazabalgo gaztak jarri zuen. Artzaintza omentzeko egunean hasi dute Idiazabalgo gaztaren garaia aurten ere. Herrian egiten diren aparteko azoken artean lehena da, eta, asteazkenerokoetan bezala, Plaza Nagusiko zutabeen artean ipini zituzten saltokiak nekazari eta abeltzainek. Plazan ez ezik, inguruetan ere bazegoen zer ikusi, dastatu eta erosi. Eguraldia lagun, hara eta hona zebilen jendea postutik postura. Baina, 11:00ak gerturatzen ari zirela, Kale Nagusiaren alde banatan pilatu zen jendea. Bi bat mila ardik bat egin zuten festarekin. Haiek bereganatu zuten, gainera, Ordizian elkartu zirenen arreta. Lau artaldetan banaturik, erdiguneko kaleak igaro zituzten, dultzaina doinuen atzetik.

Idiazabalgo gazta, «gure altxorra»

Ardiak agurtu ondoren, Idiazabalgo gaztaren garaiari ongietorria egiteko bildu ziren udaletxean. Eneko Atxa sukaldariari egokitu zitzaion lehenengo Idiazabalgo gazta ebakitzea. Duela gutxi izan duen alabaren usain «berezi, eder eta deskribaezina» gogora ekarri zuen gazta ebaki aurretik: «Gaur artzainek euren semea ekarri dute; nirea ez bada ere, ziur haren usainak nire buruan jarraituko duela». Domina jaso eta gazta zatitu ondoren, ongietorria eman zion aurtengo garaiari: «Heldu da gure gazta, Euskal Herriko benetako altxorra». Ekitaldi berean, Jesus Oleaga sukaldaria omendu zuten. Idiazabalgo gaztaren alde «sasoiz sasoi egin duen lan isila» azpimarratu zuen Jose Mari Ustarozek, Idiazabal jatorri izenaren elkarteko presidenteak. Horrekin batera, Sunbillako Lizun gaztandegiak (Nafarroa) eta Ordiziako Joseba Intsausti artzainak 2010eko kalitate eta erregulartasun sariak jaso dituzte. Sunbillako gaztandegia zazpigarren urtez saritu dute; Intsaustik, berriz, «mendialdeko artzaintzaren defendatzaile» izateagatik lortu du saria.

Garagartza plazan ere, jende ugari bildu zen goizetik. Ahari eta ardi erakusketak izan ziren, eta haur zein helduak jakin-minez joan ziren animaliak ikustera. Horrez gain, gazta egite eta ardi mozte erakustaldiak egin zituzten eguerdian. Baina, ikusteko eta usaintzeko ez ezik, euskal produktuak dastatzeko aukera ere izan zuten plazan elkartu zirenek. Batzuk ahari eta ardien inguruan pilatuta zeuden bitartean, ilara luzeak osatu ziren Eusko Labeleko produktuak dastatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.