«Erretiroa hartuta bai, baina lanak utzita ez». Artzaina da Floren Txurruka (Mallabia, Bizkaia, 1946) eta garrantzitsua da, horregatik, zehaztapena. Artzaintzarekin estuki lotutako giroan hazi, ardi artean bizi eta erretiroa hartu ondorenean ere ardi artean dabil. Semeak hartu dio lekukoa, eta hari laguntzen aritzen da egun. Orain arte egindako lana aitortu diote, berriki, Artzain Eskolako arduradunek.
Bokazioa behar omen da artzain izateko.
Ofizioa gustuko ez baduzu, ez zaude luzerako. Markinara ezkondu nintzenean, industrian hasi nintzen lanean, baina beti egon naiz artzainen munduarekin lotuta. Artzain izan ez banintz, nire barrena ez zen beteta egongo.
Hasi zinenetik asko aldatu da artzaintza.
Oraingoa ezin da lehengoarekin konparatu ere. Asko egin du hobera. Ikusi ez duenak, sinetsi ere ez luke egingo lehengo maneiua eta oraingoa zeinen ezberdinak diren.
Artzaintza eskolako ikasleak hartzen dituzue etxean praktiketan. Zer gomendatzen diezu?
Oso ezberdina da kasua, ikaslearen arabera. Baserri girotik etorri, edo kale ingurutik etorri, oso ezberdina da. Ikusi egiten zaie hori, eta ezberdintasun handia da. Ikasle batzuk ongi ezagutzen dituzte ardiak hona heltzen direnerako, eta beste batzuk ez. Nik animatzen ditut artzaintzan segi dezaten, baina haien esku dago hori. Berehala ikusten da nori gustatzen zaizkion ardiak eta nori ez. Bokazioa behar da jarraitzeko.
Semeak hartu du zure lekukoa. Pozgarria izango da hori, ezta?
Lehen ere etxean asko lagundutakoa da. Udan ardiak mozten ibiltzen da, eta orain hark jarraituko du artaldearekin. Gure modura ez du jarraituko, hori seguru, baina jarraituko du. Niri bezala, hari ere ardiak asko gustatzen zaizkio.
Floren Txurruka. Artzaina
«Artzain izan ez banintz, nire barrena ez zen beteta egongo»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu