Juan Mari Ansa. Idazlea eta mendizalea

«Artzainek erabiltzen zuten bide sarea galtzen ari da»

BERRIA.
Lasarte-Oria
2011ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Dozena erdi liburu idatziak ditu Juan Mari Ansa Munduatek (Donostia, 1956), eta aldizkari nahiz egunkarietan ere utzi ditu idazkiak. Las Malloas de Aralar du azken argitalpena, bederatzi urte luzeko ikerketa lanaren emaitza dotorea, eta dagoeneko abiatu ditu Putterri eta Txindoki mendiei buruzko lan monografikoak.

Malloak Aralarreko zati ezezagunetakoa direla diozu. Ezagutzen ez dituenari nola aurkeztuko zenizkioke?

Leku ezkutu eta menderakaitza dira, Azpirozko errepidetik ikusita, batez ere. Mila metroko desnibela dute; desnibel handia da, Pirinioetako mendi askoren parekoa. Harria eta belazea tartekatzen dira; belaze horiek dira Malloak, mila metro ingurura dagoen eremua. Ibiltzeko biderik ez dagoela dirudi lehen begiratuan, gerora jabetzen da bat sekulako bide sarea dagoela. Ezagutu egin behar, ordea; ezagutzen ez duenak nekez bilatuko ditu. Arrastoak badira, baina galtzen ari dira: Artzain bidea deitena, Gaztanbidea… garai batean artzainek erabiltzen zituzten bideak dira.

Horiek berreskuratzeko modua izan al daiteke liburua?

Ona litzateke hori, eta Araitz ibarreko alkateei bideak markatzeko eta berreskuratzeko erronka bota diet. Pena litzateke horiek galtzea. Jendeak Aralar ezagutzen du, baina Amezketatik Txindokira igotzeko eta Guardetxea zenaren inguruetatik ibiltzeko, batez ere. Malloetan lau bat igoera zeudela uste genuen, baina gutxienez 11 badira, eta baita horiek elkar lotzen dituzten pasadizoak ere. Arrotzak zaizkigu, ordea.

Edonor joateko ibilbideak al dira?

Malloetara joateko mendizalea izan behar da. Proposatu ditudan ibilbideen artean bada errazen bat, baina gehienek eskarmentua eta mendi intuizioa eskatzen dute. Ingurua ezagutzen duen batekin joatea komeni da, eta altimetroa eramatea; tresna ezinbestekoa da Malloetan. Baso batean sartzen bazara eta biderik ez baduzu topatzen, altueraren erreferentzia oso garrantzitsua da.

Zein da Malloetara joateko garairik egokiena?

Udaberria eta, batez ere, udaberriko arratsaldeak. Seiak edo zazpiak aldera Balerdi tontorretik begiratuta, beste kolore bat dute Malloek. Udaberritik kanpo bideak topatzea zaila gertatzen da; udan belarra hazi egiten delako, eta neguan euri, elur eta eguraldi bustiarekin ez da sartu behar.

Bederatzi urteko ikerketa lanean artzainen lekukotasunak izan dituzu bidelagun. Haientzat zer ziren Malloak?

Artzain zaharrak dira Malloen berri ematen dutenak, belaunaldi gazteekin etena gertatu baita. Dena dela, ez dira denboran urrun dauden kontuak, duela 40 urte arte aritu dira, adibidez, belarra moztu eta kable bidez jaisten. Lan gogorra zuten baserritarrek, baina orduko artzainek mendira begiratzen zuten, ez kalera. Haientzat bizitza ziren Malloak eta Aralar, haien mundua; eguneroko arazo eta zailtasunak bertan konpondu behar zituztela bazekiten, eta moldatzen ziren: sua piztu, janaria lortu eta prestatu, ura, tabakoa… Jakintza gordailuak dira artzainak, eta haietako bat hiltzen den bakoitzeko gure historiaren zati bat galtzen da.

Aldizkari baterako artikulu behar zuena bostehundik gora orrialdeko liburua nola bihurtu da?

Aralarko Adiskideak elkarteak 75. urteurrenerako eskatu zidan artikulua hasi nintzen idazten, eta asmoa Malloetako ibilbide bat proposatzea nuen. Inguru hartan ibili ahala joan nintzen beste bideak ezagutzen, deskubritzen, eta artikulu bat baino lan luzeagoa osatzeko mamia banuela ikusten. Artzainekin biltzen joan ahala joan nintzen istorio eta bitxikeriak ezagutzen, eta nola utzi horiek kanpoan? Ibilbide bakoitzari istorio bat lotzea bururatu zitzaidan, baina azkenerako istorioek haien tartea behar zutela ikusi nuen, eta azkenerako 25 bildu ditut.

Bederatzi urteko ibilian zenbat irteera, argazki, buruhauste...

Ezin zenbatuzkoak dira ibilbideen xehetasunak biltzeko irteerak, baserrietara elkarrizketak egitera egindako joan-etorriak, milatik gora diapositiba, testuak, toponimia, maketazioa... Gustura egindako lana da, ordea, erabatgogobete nauena; lana bainoago gozamena izan da, bizipoza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.