Ardiak ardi ziren orduan ere, baina artzaintza aldatzen ari zen, eta moldatu beharra zegoen. Etxean ikasitakoa batzuetan ez zen aski, eta belaunaldi gazteei gehiago eskaini behar zitzaien. Zulo horiek ikusi, eta eskola bat sortzea erabaki zuten: Gomiztegiko artzain eskola. 1997an zabaldu zuten, eta, geroztik, hamabost urtez aritu dira Arantzazuko baserrihorretan (Gipuzkoa) profesionalak trebatzen. Hamabost labealdi izan dituzte aurtengoarekin: 202 ikasle, guztira. Erdiak baino gehiago artzain dira egun, eta eskolako arduradunak pozik daude orain arte egindako lanarekin. Artzainek ere behar izaten dituzte artzainak zenbaitetan.
Bokazioa da artzaintzaren giltza, Ekain Murua eskolako arduradunaren hitzetan. Urteak daramatza eskolan, baina, hala ere, urtero harritzen omen da. «Guk ere oso gustuko ditugu ardiak, eta ulertzen ditugu artzain gazteak, baina harritu egiten gara urtetik urtera hamabi bat ikasleko taldeak osatzen ditugunean. Artzaintzak ez ditu ziurtatzen gaur egun gizartean indarrean diren balioak, baina urtero izaten dugu ikasle multzo bat. Oporraldi ederrik eta soldata handirik ez du artzainak, baina baditu beste aberastasun batzuk. Animaliekin eta animaliei esker natura inguru batean bizi ahal izatea ez da sari txikia. Horrek bete behar du artzaina, beste hutsune batzuk konpentsatzeko. Edozein gazte ez dago artzaintzak dakartzan lanordu eta lan beharrak onartzeko prest, baina badira batzuk artzain bokazioa dutenak».
Orain hamabost urte heldu zen Murua Gomiztegiko artzain eskolara, eta lehen ikasle labealdia izan zen Muruarena. Bere osabak bazituen ardiak, eta beti izan zituen gustuko. Abeltzaintza ingeniari tekniko ikasketak bukatu berritan heldu zen Arantzazuko eskolara. 1997a zen, eta oraindik asmoa baino ez zen ikasketa gune hura. Nicolas Segurola izan zen ekimenaren bultzatzaile nagusietakoa, eta hark bultzatuta eman zuen izena Muruak. «Geroztik artzain munduan ibili naiz beti». Eskolako arduradunetariko bat da egun. Gomiztegiko ardi kooperatibako kide, latx arraza hobetzeko ikerketa taldeko partaide, baita artzain eskolako irakasle ere. Artzain, irakasle eta ikerlari. Maiz besterik irudi lezakeen arren, hanka asko ditu ardiak.
Hasiera batean, frantziskotarrak izan ziren eskolako artaldearen eta haren kudeaketaren arduradunak. Haien bultzadaz sortu zen eskola, baina lekuko aldaketa izan zen duela sei urte. «Fraideak edadean aurrera zihoazen, eta Nicolas (Segurola) ere erretiroa hartzekotan zen. Horregatik kooperatiba bat sortzea erabaki genuen zenbait pertsonaren artean», argitu du Muruak. Eta geroztik haiek dira artzain eskolaren eta baserrian dituzten abereen arduradunak.
Gazta eta inbertsioak
Ardiak ardi dira orain ere, baina hamabost urtean asko aldatu da artzaintza. «Aldatu baino gehiago, hobetu egin dela esango nuke nik», zehaztu du Muruak. Dioenez, azken hogeita bost urteetan izan da hobekuntza hori. «Orain hogeita hamar urte ez zegoen ezer ere. Ez zegoen elkarterik, ezta esnearen kontrolik, ardien identifikazio eta garbitasun kontrol planik ere. 80eko hamarkadan hasi ziren martxan horiek. Animalien osasuna hobetzeko neurriak ezarri ziren, Idiazabalgo gaztaren jatorri izena sortu zen, elkarteak agertzen hasi ziren... 80ko hamarkada bukaera aldera jendea hasi zen sinesten bazegoela ardiekin lan eginda bizitzerik, eta inbertsioak egin zituzten artzainek: ukuiluak, gaztandegiak... Azken hogeita bost urteetan sortu da gaur egun ezagutzen dugun artzaintza profesionala. Eta eskolak ere artzaintzarekin batera izan du eboluzioa hori».
Lehen sektorean azken urteetan eboluziorik handiena izan duen alorra da artzaintzarena,Muruaren hitzetan. «Zailtasunak handiak izan dira, eta inor ez da aberastu; baina gogor lan egin da, eta arriskuak nork bere gain hartuta, egia da ekonomia aldetik alorrik errentagarrienetariko bat izan dela denbora batez». Horrek ez du esan nahi, ordea, krisiak eraginik izan ez duenik. «Orain arte gaztak salbatu gaitu, oso ongi saltzen zen, eta hark ematen zigun oxigenoa. Krisi orokorrarekin gazta salmentek eta inbertsioak egiteko genituen laguntzek behera egin dute, ordea, eta, horren ondorioz, jaitsi egin da esplotazioen errentagarritasuna. Orain urte batzuk oso baikorrak ginen, eta jendea asko animatzen genuen lanbide hau hartzera. Orain ezin dugu jendea hala animatu».
Ardi arraza baten aldeko defentsa ere egin du eskolak hamabost urteotan. Latx arrazako ardiekin egiten dute lan Gomiztegin, eta ardi horiekin lan egiten erakusten diete ikasleei ere. Nolako ardia, halako artzaintza. Hori izan daiteke Muruak azaltzen duen filosofiaren laburpena. «Munduan badira ardiak hazteko modu askotarikoak, eta normalean ardi arrazaren araberakoak izaten dira. Ardi horiek beren ingurura moldatuta egoten dira, eta haiekin lan egiteko modu espezializatua landu behar izaten da. Horregatik, Euskal Herrian ohikoa den sistema da, batez ere, guk erakusten duguna. Ardi latxarekin nola aritu, kanpoko larreak nola baliatu, eta kalitatezko produktu batzuk nola lortu. Dena dago lotuta. Batera doaz lurraldea eta arraza, baita horiek zaintzeko modua ere».
Dibertsifikazioa, bide
Azken labealdiko ikaslea da Axular Olaberria (Ihabar, 1977). Lurrak baditu prest Eginon (Araba), eta afizioa ere bai aspalditik. Hilabete batzuk barru izango da artzain. «Behiak zituen gure aita zenak, baina hura hiltzean kendu egin genituen». Orain berak hartuko du lekukoa. «Lagunek beti ezagutu naute aberez inguratuta. Ardiak izan nituen, astoak... Gustura ikusten naute halakoen artean. Ez ziren asko harritu artzain eskolan sartzekoa nintzela entzun zutenean». Aspaldi zuen ideia buruan, baina azken urteetan albaitaritza enpresa batean lanean egon, eta ukuiluetara egin behar izaten zituen joan-etorrietan hazi egin zitzaion harra. Dioenez, «oso interesgarria» izan da eskolan eman duen denbora.
«Jende asko dabil etxean dituzten lurrak nola edo hala baliatu nahian. Kanpoko lana ere ez dabil oso ongi, eta horregatik izan daiteke». Olaberriak dioenez, ez da bide erraza, ordea. «Gaztak saltzen lehen diru gehiago biltzen zen, baina orain zaildu egin da kontua, eta beste bide batzuk bilatu behar dira negozioa errentagarri egiteko». Lagun batekin abiatuko du ustiategia berak. 200 bat ardi jarriko ditu, eta okindegia, berriz, beste kideak. Artzain eskolan hamaika alditanentzun du dibertsifikazioaren beharra, eta formula hori sortu dute haiek ere.
Teoria beste praktika ikasten dute artzainek, eta artzaingaiek eskoletan. Bi multzotan banatzen ditu ikasleak Muruak. «Artzainen seme-alabak daude, batetik, etxetik praktika ikasita datozenak; ardiekin harremanik izan ez dutenak daude, bestetik, kaletik ihesi eta baserri mundura datozenak edo». Biak izaten dituzte buruan Gomiztegin. Hogei buruko artaldea jartzen dute heldu berrien ardurapean, eta teoria eta praktika txandaka uztartzen dituzte gero. Hilabetearen erdia Arantzazun egiten dute, eta artzainen etxeetan beste erdia. Artzainarekin bizi dira, eta garaian garaiko lanak ikasten dituzte. Ardi kanpaina osoko lanak ikasten dituzte horrela: umeak izaten hasi aurretik ezagutzen dute artaldea, umatzean esne bilketa ikasten dute, gaztagintza...Oso hurbil daude praktika eta teoria», dio Muruak. «Gelan hitzez azaldutakoa ikusten dugu ukuiluan».
Komunitate sentimendua
Orain hamabost urte eskola kide izandakoetariko asko ikusi ditu Muruak artzain bilakatzen. Orain ikasleak ikusten ditu bide hori hartzen. Bokazioa bideratzea izan da eskolaren lana, haren hitzetan. «Eskolarik gabe ere artzain izango lirateke orain artzain diren ikasle eta klase kide horietariko gehienak, baina bultzadatxo bat eman zien eskolak». Hori baino gehiago ere bai. Hainbeste urteren ondoren multzoa dira eskolatik pasatako artzainak, eta komunitate sentimendu horren garrantzia azpimarratzen du Muruak. «Eskolan ezagutzen duzu zure afizio bera duen jendea, eta eskolatik pasatutako ikasle talde bat sortu da urteak joan eta urteak etorri. Kolektibo berri bat da eskolatutako artzainena, eta oso garrantzitsua da hori ere».
Ezarian. Artzaintza
Artzainen artzain
Hamabost urte daramatza Gomiztegiko Artzain Eskolak ikasleak trebatzen, eta, eskolako arduradunek diotenez, ona izan da orain arteko balantzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu