Ordiziako (Gipuzkoa) Artzain Eguna gero eta hurbilago dago. Izan ere, apirilaren 11n ospatuko da artzainak eta gazta protagonista diren eguna.
Asteroko azokarekin ekingo zaio goizari, Plaza Nagusian. Aurten azokak 500 urte bete ditu, eta ospakizunetan dabiltza. Ahari eta ardien erakusketa lehiaketa Garagartza plazan izango da. Latxa muturgorriak eta muturbeltzak egongo dira; guztira 200 abelburu inguru. Horrez gain, artzaintzarekin harremana duten hainbat ekintza bertatik bertara ezagutzeko modua izango da. Gazta egiteaz gain, ardiei ilea moztuko zaie, eskuz nahiz makinaz, kalean.
Garai batean, artaldeak negua amaitzen zenean mendira joateko Ordizia barrutik pasatzen ziren, eta iraganeko gertaera hori gogoraraziko dute. Ikusgarria izango da, herritik barrena 2.000 ardi baino gehiago igaroko baitira goiz erdian.
Udaletxeko batzar aretoan,Idiazabalgo gaztaren denboraldi berria aurkeztuko dute. Horretarako, Basque Culinary Centerreko kideek gazta gaztea moztuko dute. Artzain mundua gizarteratzen egindako lanarengatik EITBko Sustraia saioak omenaldia jasoko du, eta gaztaren erregulartasun kalitateko sariak emango dituzte.
Jan eta edanerako tartea ere izango da. Karlos Ibarrondok 40 arkume burruntzi prestatuko ditu Garagartza plazan, eta arkume pintxoak jarriko dituzte salgai.
Artzaintza menditik kalera jaitsiko da Ordizian
Apirilaren 11n izango da Artzain Eguna; Idiazabalgo gaztaren denboraldi berria aurkeztuko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu