Agerikoa zen egun berezia zela atzokoa Ordizian, festa eguna. Haurrak eta gurasoak, han-hemenka pasieran; lagunak, tabernetan poteatzen; trikitilariak, dultzaina jotzaileak eta pandero jotzaileak, herriguneko bazterrak alaitzen; talo postuan, txistorrak banatzen... eta jende ugari, azokan erosten. Asteazkenero egin ohi dute azoka Ordizian, baina atzokoa berezia zen, Artzain Eguna baitzen.
Azokaren 500. urteurrena ospatzeko aurtengo lehen aparteko azoka zen. Gipuzkoako eskulangileen eta Goierriko produktuen saltokiez gain, Idiazabal sor-markako gazta ekoizten duten toki askotako postuak zeuden.
Arretarik gehiena, ordea, ardiek bereganatu zuten. 11:00 emateko minutu gutxiren faltan, gainezka zegoen Kale Nagusia udaletxearen parean. 2.000 buruko artaldea zen igarotzekoa ordu horretan, eta haurrak urduri jartzen hasiak ziren animalien zain.
Zintzarri hotsek eta haurren oihuek iragarri zuten ardien etorrera: «Badatozela!». Jendeak uzten zion bidetik igarotzeko, estutu egin behar izan zuen artaldeak. Gaztetxoenak lehen ilaran edo gurasoen besoetan, eguneko protagonistak ikusten. Argazkilari eta kamerari ugari, transhumantziaren omenaldia islatzen. Horiez gain, ikuskizunaren oroitzapentxo bat eduki nahi zuen jende ugari, eskuko telefonoarekin argazkiak ateratzen. 2.000 ardi ez baitira egunero igarotzen herritik barna.
«Lehen, negua amaitutakoan artaldea mendira eramateko herri barrenetik igaro behar zuen», azaldu zion ama batek semeari. Horixe da, hain zuzen, ekitaldiaren funtsa: garraioak ahanzturan utzi duen transhumantziaren bidea gogoratzea.
Zalantzarik gabe, artzaintza izan zen eguneko izarra. Goiz-goizetik aharien erakusketa lehiaketa izan zen Garagartza plazan. 50 bat artzainen 200 abelburu inguru izan ziren ikusgai, bi motatakoak: latxa mutur gorriak eta latxa mutur beltzak. Halaber, haurrek gazta nola egiten den ikasi, eta ardien ile mozketa erakustaldia ikusi ahal izan zuten.
Idiazabal sor-markako gaztaren garaia ofizialki hasteko baliatu zuten Artzain Eguna. Jose Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendariari egokitu zitzaion garaia hasteko gazta moztea. «Indarrez betetako gazta gaztea da, mundua konkistatzeko indarra duena», adierazi zuen gazta moztu berria usaintzean.
Ekitaldian EITBko Sustraia saioa omendu zuten, lehen sektorearen balioak islatzeko egindako lanagatik.
Txanponaren bi aldeak
Artzaintzari eta gaztagintzari gorazarre egiteko eguna izanik ere, Jose Mari Ustarroz Idiazabal sor-markako ordezkariak hainbat gazta ekoizlek dituzten arazoak salatu zituen. «Jezteari utzi diote ekoizle askok, eta joerak horrela jarraituko du. 25 urtean ez da horrelakorik gertatu». Ekoizleek esnearengatik ordaintzen duten prezioak eta ordainketetan jasaten ari diren atzerapenak ito egin ditu ustiategi batzuk, eta ziurtasunik eza nagusitu da sektorean.
Gazta bakoitzaren atzean dagoen lanaz ohartarazteko baliagarriak zaizkie horrelako egunak artzain eta gazta ekoizleei. Igor Eguren Ordiziako alkateak gogorarazi zuenez, ordea, Ordiziak eta, oro har, Euskal Herriak lehen sektorearekin duen harremana ez da egun bakarrera mugatu behar.
Artzaintzari gorazarre
Azokarekin batera, Artzain Eguna ospatu dute Ordizian. Idiazabal sor-markako garaia hasi du Jose Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu