Ezarian. Bainujantziaren historia

Askatasunak hondartza hartu zuenekoa

Bainujantzia da XX. mendean gehien aldatu zen jantzia, emakumeen askapen prozesuarekin lotuta baitago. Balentziaga museoak bainu modaren historia aztertzen duen erakusketa bat jarri du, Beverly Birks moda adituaren eskutik.

Adrian Garcia.
Getaria
2012ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Azken 120 urteetan bainujantzia bezainbeste aldatu den beste ezer ez dago. «Hasieran guztiz estaltzen zuen emakumearen gorputza. Orain, batzuetan apaingarri soila da, ez du ezer estaltzen». Beverly Birks jantzi historikoetan aditua da. Harenak dira Balentziaga museoak ikusgai jarri berri dituen bainujantzi bildumaren pieza gehienak. Bainujantziak eta gorputzarenerakusketa. XX. mendeko historia altenatiboa erakusketak emakumezkoen bainujantzien bilakaera historikoa aztertzen du, 1880. urtetik gaurdaino. XX. mendeko historia, bainujantzien bidez jarraitzeko proposamena da. Izan ere, Mendebaldeko herrialdeetako emakumeen estatusa eraldatu zuten kultura, ekonomia eta eta gizarte joeren ondorioa izan zen bainujantziaren diseinu aldaketa. Diseinuak baino gehiago, gorputza jendeaurrean erakusteko askatasunaren aldeko borrokak bultzatu zuen aldaketa. Tabu eta aurreiritziei irabazitako borroka hori urratsez urrats jarrai daiteke Balentziaga museoan.

57 piezaren bidez, hondartza eta igerilekuetan erabilitako bainujantzien kronologia jarrai dezake bisitariak. Yves Saint Laurent, Hermes, Schiaparelli, Pucci, Alexander McQueen eta Christian Lacroixen lanak jasotzen ditu Birksen bildumak. Kutxako Fototekaren garai hartako Donostiako Kontxako argazkiek eta Euskadiko Filmategiko irudiek apaintzen dute erakusketa.

XIX. mendearen bukaeran hasi zen bainujantziaren historia. Garai hartan guztiz estaliak joan ohi ziren emakumeak hondartzara. «Emakumea deabruak bidalitako tentazioa zela pentsatzen zuten, ugalketarako besterik balio ez zuena», azaldu du Birksek.

1880ko hamarkadan, bainujantzia kortse baten gainean eramaten ziren galtza luze eta zabal pare bat zen, eta soineko motzago bat eramaten zuten gainetik. Ez ziren igeri egiteko pentsatuak, gizonezkoek soilik egin baitzezaketen igeri askatasunez. Uretan ibiltzeko bainujantziak kotoizkoak ziren. Oso deserosoak igeri egiteko, baina emakumearen gorputzaren itxura ezkutatzeko bidea ematen zuten.

Edertasunaren parametroak aldatu ahala, bainujantzien diseinua ere aldatuz joan zen. Kortsean sarturik, mugitzeko askatasunik ez zegoen. Azala ere zuri mantentzen zen mahuka eta galtza luzeetan ezkutaturik. Igeriketak mugitzeko askatasuna eman, eta gihartsuagoa egin zuen emakumea. Euforia aldi batera eraman zuen horrek: bat-batean, emakumeak, kortserik gabe, hondartzan korrika eta igeri egin dezake. «Argazki horietan irribarretsu eta pozik ageri dira», dio Birksek.

1930eko hamarkadan, latexaren asmakuntzak eragin handia izan zuen bainujantziaren bilakaeran. Malguagoa zen, eta azkarrago lehortzen zen. Material hori arrakastatsua izan zen bai modan, baita kirol alorrean ere. Latexez eginiko bainujantziek, baina, urarekiko erresistentzia gutxiago zuten, eta azkarrago jaits zitezkeen uretan.

Gorputzaren agerpenaren bilakaera abiada handikoa eta oso muturrekoa izan da, Birksen esanetan. Zinemak berebiziko garrantzia izan du abiada horretan. Aristokratek modaren aitzindari izateari utzi zioten, eta filmetako aktoreek hartu zuten erreleboa. Bikiniaren adibidea da horren erakusgarri garbiena. 1946. urtean asmatu zuten, baina garai hartan inork ez zuen jantzi nahi izan, gehiegi erakusten zuelakoan. «Modeloek ere ez zuten jantzi nahi, dantzariek bakarrik erabiltzen zituzten», azaldu du Birksek. Inor ez zen ausartu bainujantzi iraultzaile hori janzten, harik eta 1954an Brigitte Bardot aktoreak Cannesko zinema jaialdian erabili zuen arte. Zalaparta handia sortu zuen Bardotek, eta herrialde askotako komunikabideetan izan zuen oihartzuna. Hortik aurrera, jantzi horretara ohitu, eta Frantzian erabiltzen hasi ziren.

Bikinia AEBetara ailegatzeko, ordea, ia hamarkada bat igaro behar izan zen. Zinemaren bidez iritsi zen hara ere; kasu horretan, baina, Dr. No filmaren bidez. 1962ko film horretako eszena famatuan, Ursula Andress aktorea bikini zuri batekin azaltzen da.

Birksen arabera, zinemak eta telebistak gorputzaren «muturreko» agerpen batera eraman dute. Artean du hark interesa, ez gorputzean, eta ez ditu gustuko apaingarri soilak diren bainujantziak. «Jendea gorputza erakustera ohitu da. Geroz eta gehiago joan dira erakusten, eta orain ez da erakusteko ezer gelditzen ».

Askatasunak harrapaturik

Emakumeen edertasuna argaltasunari lotzea zinema eta telebistaren eraginari egozten dio Birksek. XX. mendeko gorputzagerpena emakumeen askatasunerako «oso ona» izan da. Igeri eta korrika egin eta eguzkia har zezaketen. «Orain, ordea, muturreko gorputz erakusketarekin ez daukagu ezkutatzeko tokirik». Gorputzak garrantzi handia hartu du, bizitzaren ardatz bihurtzeraino. Bularretako ebakuntzak, tatuajeak, anorexia eta buliminia kasuak dira horren adibide. «AEBetan, haurdun geratzeko adinean dauden erdiek anorexia edo bulimia dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.