Maratila

Aski da!

Xabier Etxaniz Rojo.
2011ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Azal handia dudala esango didazue, ez dudala zertan kexatu. Azken batean, nik, donostiarra izanik, hamaika bider aprobetxatu ditut Gipuzkoa-zentrismoaren onura begi-bistakoak, sarri baliatu ditut euskal periferiakoei sistematikoki ukatu zaizkien prebendak. Bai, ziurrenik arrazoia izango duzue. Haatik, ez da inbidia mugiarazten nauena ezpada gure lankide Santi Leoneren osasun fisiko zein mentalarekiko kezka larri eta guztiz justifikatua.

Egia da gure erkide autonomikoan iturri asko ditugula: Patxi Lopez, Ares, Basagoiti, Osakidetzako euskara planak, Zelaa andereñoaren eskola magistralak… Baina egia da, halaber, Nafarroako sismografo informatiboak direla azken asteotan pil-pilean daudenak. Nafarroako politikariek euren komisioen berri eman diete hiritar txundituei eta, harrigarria bada ere, lapurtzeari utziko diotela iragarri dute. Alderdi politiko berriak —azkena, Naparra eta Españiko Escuñe (sic)—onddoak bezala atera dira. Irakasleak borrokan daude eta abortuaren kontrakoak arrosarioak kantatzen hasi dira.

Azkena, Barcinaren kontrako tarta-borrokaren ekintza, alegia, gehiegizkoa izan da.

Bai, ene lagunok, biziki kezkatuta nago. Santi Leone Maratilagile ona eta idazle hobea da, baiki, baina baita hezur-haragizkoa eta gizatiarra ere. Nafarroako gaurkotasun informatiboaren erritmo frenetikoak horrela jarraituz gero, nago gizajoak ez duela luze iraungo.

Fronte gehiegi dago Nafarroan, eta zoritxarrez, Leone bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.