Komunikazioa. Fermin Etxegoien. 'Musikatea' saioko aurkezlea

«Asmoa ez da haustea 'Ekaitz perfektua'-rekin, egokitzea baizik»

Martin Tejeriak urte luzez aurkeztutako 'Kostaldeko Trena' ordezkatu du Etxegoienen 'Musikatea' saioak, 14:30etik 16:00etara.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Lasa Etura.
2012ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Gauetik, bazkalostera igaro da. Gazteatik, Euskadi Irratira. Baina berdin jarraitzen du Fermin Etxegoienek (Oñati, Gipuzkoa, 1966). Kostaldeko trena azken geltokira iritsi da, baina Musikatea abiadura hartzen hasi da jada.

Zer moduz egokitu zara bazkalosteko ordutegira?

Egokitu hitza ondo erabilita dago. Gauez egiten nuena halako collage libre eta lunatikoa zen, eta, bazkalostea beste ordutegi bat da. Badago beste publiko bat entzuten, teorian. Ziurrenik, gauean jartzen nuen muturreko zenbait gauza ez jartzea izan da lehen erabakia: rock gogorra eta elektronika gogorra nekez jartzen ahal da bazkalostean. Alde horretatik, murrizketak zenbait estilotan. Norberaren tonuari buruz, gauza bera: ni aski lunatikoa naiz 24 orduz, eta saiatzen naiz modu estandarragoan hitz egiten. Hala eta guztiz ere, pentsatzekoa da hautatu baninduten gaueko estiloa gustuko zutelako hautatu nindutela. Beraz, asmoa ez da haustea Ekaitz perfektua izan denarekin, egokitzea baizik.

Ez da hain muturreko musikarik, beraz. Musika komertzialagoari ireki diozu bidea?

Komertzialagoa? Ez, ez. Ordutegi honetan muturreko musika jarriko banu, pentsatuz entzuten ari diren batzuk ez dutela inongo ohiturarik muturreko doinuekin, uxatu egingo nuke jende hori. Baina komertzialtasunarena beste kontu bat da. Nik Ekaitz perfektua-n jartzen nuen musika komertziala lasai asko. Niri gustatzen zait komertzialtzat jotzen den musika asko; erabat duina eta ederra da. Nik Ekaitz perfektua-n aprobetxatzen nuen ustez underground den programa batean musika komertziala sartzeko. Are gehiago egin dezaket orain. Dosika, noski. Sukaldean bezala, neurrian dago saltsaren sekretua.

Oso desberdina al da gauari begirako programa bat egin beharrean 14:30ean hasten den saio bati heltzea?

Bai, bada desberdina. Baina, erabat desberdina ere ez du izan behar.

Oso bestelakoa al dira Euskadi Irratiko eta Gazteako lan egiteko era?

Gaztean banuen askatasun osoa. Ez dut uste Euskadi Irratira inolako musika gaztea ekarri dudanik. 45 urte ditut, eta sartzen ditudan artista asko ni baino nagusiagoak dira. Pop-rock garaikidea, herri musika modernoa, jada ez da gaztea; zorionez, hamarkadak aurrera joan direlako. Orduan, estereotipo zaharkitua litzateke pentsatzea orain Musikatea-n jartzen den musika gaztea denik.

Nola banatu duzu programa?

Egitura finkorik gabe banatua dago. Nik atalak sortzen ditut, baina ez ditut iragartzen. Hori guztia egiten da, bertsioak ekartzen dira, kantu zaharrak berriz aurkitu dira, kontzeptu baten araberako hiru kantu jartzen dira... Atal ugari dira, baina ez dira iragartzen. Jario bat izan dadila; entzulea harrapa dezala jario horrek. Asmoa da entzuten ari zaren kantuak hurrengorako gogoa piztea, tabakoak bezala.

Musikatea-k hitz jokorako aukera ugari ematen ditu. Musikaren atea, musika katea...

Aurreko saioaren izena ezin poetikoagoa eta ezin ederragoa zen: Kostaldeko trena. Orduan, pentsatu nuen ezinezkoa zela eremu berean lehiatzea. Horregatik atera da izen hori; apur bat hotza da, baina, nire ustez, badu ahalmena, adiera desberdinak dituelako.

Ekaitz perfektua egiten jarraituko duzu igande gauetan.

Saioarekin segitzen ari naiz, monografikoekin; disko hautatuak, kuttunak edo halako zerbait.

Erantzukizun handia al da Kostaldeko trena ordezkatzea?

Argi eta garbi: bai, bada erantzukizun handia. Martin Tejeriak publiko handia bildu zuen bere emankizun urteetan, eta jendeak asko estimatzen zuen; haren hizkera, batez ere. Hizkuntza eremuan, beti da erronka neurri berean aritzeko gauza ote zaren. Erantzukizun formal handia da.

Hitz egin al duzu Tejeriarekin?

Egia esan, ez. Halere, garrantzitsua da esatea Tejeria erretiratu egin dela, berak hartu duela erabakia; nik dakidala. Jendeak ez dezala pentsa kendu egin dutenik geu jartzeko.

30 urte eman ditu antenan Kostaldeko trena-k. Ikusten al duzu zeure burua horrenbeste urtez Musikatea aurkezten?

Ez dakit, ez dut horretan pentsatzen, eta gaur egun askoz gutxiago. Nire ibilbide profesionalean denetarik egin dut: irratia, prentsa, telebista... Alde batetik, ederra da musikaren itsasoan murgiltzea, mugagabea delako. Nire ustez, posible da egunero mahai gainean jartzea askotarikoa eta erakargarria izango den menu musika koktel bat plazaratzeko. Baina norberaren ibilbide profesionalak nondik joko duen ez dago jakiterik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.