Blanca Gomez de Segura. Buztingilea

«Aspaldi hasitako bideari eusteko, buztina ezagutzera eman behar dugu»

Blanka Gomez de Segura buztina lantzen. JON HERNAEZ/ ARGAZKIPRESS.
M. Arratibel
Legutio
2012ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Gorbeia Central Parkeko ekintzetako bat da Eskuz Esku. Buztinarekin maiteminduta bizi den profesionala da Blanka Gomez de Segura (Markina, 1952), eta bere ogibidea ezagutzeko aukera ematen die egunero bisitariei. Buztinez inguratua bizi da, eta buztinez zikindutako hatzetan nabari zaio lanari eskaini dizkiola eskuak urte askoan. Markinarra da jaiotzez, baina Legutioko (Araba) baserri batean bizi da egun. Museoa eraiki zuen bertan, bere lanaren erakusle eta ofizioaren babesle izan dadin.

Inguruotan dagoen buztingile bakarra zara. Nolatan markinar bat Elosuan?

Zeramika artistikoa ikasi nuen, eta baserri honetara etorri nintzen duela 32 urte ikerlan bat egitera. Horrela ezagutu nuen Joxe Oritz de Zarate, hemengo azken buztingilea. Hamabost urte egin nituen ikasle, Ollerietan, eta konturatu nintzen zeramika tradizionalaren hariari eutsi behar niola. Horregatik, baserria erosi eta zaharberritu egin nuen familiaren laguntzaz. Ofizioa mantentzeko neukan ilusioa sekulakoa zen orduan, eta indartsu dirau sentimendu horrek oraindik ere.

Museo batek laguntzen du mantentze horretan?

Bai, zalantzarik gabe. Gorbea mendiarekin batera, aspalditik hemen bizi izan den ofizioa da buztingilearena. Ezkutuan egon da beti, hala ere. Horregatik, lau haizeetara zabaldu nahi dugu zeramikaren lanbidea. Ezagutzera eman nahi dugu guk bihotzez maite duguna, beste batzuek ere maita dezaten. Ze, ezagutzen ez dena ezin da maitatu, ezta? Gainera, baserri honetan dago egun Euskal Herrian dagoen antzinako labe bakarra, monumentu historiko izendatu dutena, eta uste dut beharrezkoa dela hori jendeari erakustea. Orain dela hogei urte sortu genuen museoa, eta milaka urte dituen historia eta ofizioa ezagutaraztea du asmoa.

Urte askoan egindako lanak fruituak eman al ditu?

Neurri handi batean, bai; nik uste dut lortu dugula amets hori gauzatzea. Baina, aro berri bat heldu zaio eskualdeari, pentsatu behar baitugu turistikoki ingurua nola berpiztu. Guk hogei urte daramatzagu asmo berarekin, eta, beraz, pozgarria da orain, Gorbeia Central Park egitasmoarekin, ofizio asko helburu bakar baten alde lanean ikustea.

Sentitu duzu egitasmoa martxan jarri zenetik jende gehiago hurbildu dela?

Esango nuke jende ezberdina etorri zaigula bisitan. Urte asko dira honetan gabiltzala, eta, hortaz, badaukagu erreferentzia bat jakiteko zein motatako jendea datorren. Neguan, ikasleak eta talde kulturalak; eta udan, kanpotarrak etortzen dira, baina zeramikazaleak direnak edo adituak... Aurten, baina, publiko berri bat sortu da: publiko arrunta. Horientzat zeramika ez da erakargarria, baina, hemen daude, eta baten batek esan die etortzeko museoa ikustera. Kasu horietan, gure zeregina bisitariak geureganatzea da. Lortu behar dugu bisita ahaztezin bat eskaintzea. Horretarako, badaukagu zerbait magikoa: buztina. Buztinetan eskua sartzeko aukera ematen diegu, goza dezatela!

Lortu duzu alabari zure zaletasuna transmititzea?

Beti esan izan dut Euskal Herrian askotan proiektuak ez direla modu indibidualean lantzen, familia proiektuak direla, beste asko bezala. Horrelakoetan, etxekoen laguntzarik gabe, alferrikakoa da ezer egitea. Berdin da nekazaria izan, artzaina izan edo buztingilea izan. Proiektua erraldoia da, eta aurrera eramateko ezinbestekoa da etxekoen laguntza. Baina, segida bermatzeko, eskola bat sortu nahi dugu. Segi dezatela beste batzuek ofizio honekin beste nonbait bada ere. Oso zaila da ofizio hau ondo ikastea, erakutsiko dizun norbait ezinbestekoa baita. Eta buztingile izan nahi duenak non topatuko du Euskal Herrian ikasteko lekurik? Horixe eskaini nahi dugu guk.

Zer esango zenioke Gorbeialdera datorren kanpotar bati?

Historia luzeko ofizioak bizirik jarraitzen duela Ollerietako auzoan. Ni lanean aritzen naiz egun osoan, eta atea zabalik ditut buztinarekin lanean ikusi nahi nauen edozeinentzat. Aberasgarria da beti zerbait berria probatzea. Gainera, hemen museoa dugu alde batetik, baina baita tailerra ere. Eta tailerrean, buztinean aritzeko aukera izango du etortzen denak. Hau egiten dugu konbentzituta gaudelako norbaitek jarraitu beharko liokeela duela asko hasitako bideari. Eta ni prest nago ikasi nahi duena etxean hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.