Kontsumitzaile asko asaldaturik daude azken boladan zaharkitze programatuaren berri izan ondoren. Kontzeptu hori aspaldikoa da, ordea, enpresa munduan. Labur azalduko zenuke zer esan nahi duen?
Produktuak, batik bat etxetresnak eta gailu elektronikoak, garapen teknologikoak bidea ematen duen baino askoz denbora gutxiago iraun dezaten ekoizten dituzte; nolabait iraungitze edo hiltze egun jarrita sortzen dira. Zelan, baina? Ahal eta behar baino erresistentzia eta iraupen gutxiago duten materialak edo osagaiak erabiliz, konponketak asko zailtzen eta garestitzen dituen konplexutasuna erabiliz... Kontsumitzaileok aspalditik genuen susmoa azken boladan zabaldutako ikerketa eta kazetaritza lan eder batzuek erabat egiaztatu dute, eta baita izena jarri ere: zaharkitze programatua.
Bistan da mekanismo horrek kaltea dakarkiola kontsumitzaileari; salaketa asko izan dituzue nolabaiteko iraungitze data horrekin lotuta?
Kalte nabarmena dakarkio. Eta iruzurra ere bai. Hara adibide bat: oso marka ezagun baten inprimagailu batzuk inprimatze kontagailu bat daukate, eta inprimatze kopuru batera helduta, hondatu egiten dira. Izugarria da. Erreklamazio asko heltzen zaigu etxetresnak eta beste hainbat gailu elektronikok gutxi irauten dutelako eta haiek konpontzeko dauden oztopoengatik, gero eta gehiago.
Egia al da orain gutxiago irauten dutela hozkailuek, bonbillek, sakelako telefonoek eta abar?
Egia da. «Lehengo garbigailuek edo hozkailuek egungoek baino askoz gehiago irauten zuten», dio adineko jende ugarik, eta zuzena da. Duela hamarkada batzuetako gailuak, oro har, azken urteetakoak baino sendoagoak ziren; akatsen bat izanez gero, errazago konpontzen ziren, eta, hortaz, gehiago irauten zuten. Okerrerako bilakaera hori garbi ikusten da erreklamazioen gorakadan.
Dena den, bost-sei urtean bere telebista hondaturik ikusten duen kontsumitzaile batek ezingo du askorik egin, baldin eta tresnaren bermea bukatu bada, ezta? Alegia, zaharkitze programatuaren susmoa egon daiteke, baina nola frogatu halakorik?
Produktu berri guztiek bi urteko bermea dute. Denbora hori beteta hondatzen badira, ez dago saltzaileari edo ekoizleari konponketa edo aldaketa eskatzerik. Eta kasualitatea da, gero: gailu asko bi urte eta erdirekin edota hirurekin hondatzen dira. Zaharkitze programatua? Seguruenik, bai, baina hori frogatzea ia ezinezkoa da kontsumitzaile arruntarentzat.
Bestalde, zenbat eta tresna berriagoak eta konplexuagoak asmatu, orduan eta aukera handiagoak daude matxurak gertatzeko, ezta?
Gero eta tresna elektroniko gehiago erabiltzen ditugu, eta gero eta funtzio gehiago eta konplexuagoak izaten dituzte. Gailuak honda ditzaketen erabiltzaileen okerrak edo hanka sartzeak gertatzea asko errazten du horrek. Askotan, beste tresna berri bat erostea bezain garestia izaten da konpontzea. Edo garestiagoa. Gailuak erosleen bizilekutik oso urrun ekoizten dira, ordezko piezak munduko beste puntatik ekarri behar omen dira...
Azkenean, kontsumitzailea da beti kaltetuena egungo salerosketa ereduan.
Kaltea kontsumitzaileentzat, hori horrela da. Baina ez gara kaltetu bakarrak. Naturak ere garesti ordaintzen du ekoizleen diru-gose aseezinak asmatutako iruzur nazkagarri hau. Zaharkitze programatua salatzen duen dokumental ezagun baten izenburua ezin esanguratsuagoa da: Erosi, bota, erosi. Zer dakarkio horrek naturari? Batetik, behar baino gehiagoko ekoizpenak sortzen duen kalte hazkorra: lehengaiak xahutzea, gehiegizko garraioaren ondorio larriak, langileen esplotazio bortitza... Eta, bestetik, denbora gutxian botatzen diren milioika produktu horiek desagerrarazteko beharrak dakarren kaltea: kutsadura itzela, batez ere Hirugarren Munduko hainbat herrialde behartsutan, hara bidaltzen baita burugabekeria honek sortzen duen zabor eta zikinkeria gehiena, askotan laguntza teknologikoz mozorrotuta. Eta, azkenik, hain larria izan gabe, gurean ere kaltea: dirutza kostatu duten eta oso erabilpen gutxi izan duten trasteen pilaketa etxeetan, trastelekuetan... Erokeria handia.
Jose Luis Segura. Euskal Herriko Kontsumitzaileen Antolakundeko prentsa arduraduna
«Aspaldiko susmoari izena jarri diote ikerketek: zaharkitze programatua»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu