Aste Berdeari ekingo diote gaur, Oliveresen hitzaldiarekin

Aste Berdearen karietara, heldu zein umeentzako ekitaldiz josiriko egitaraua prestatu dute Donostian

Txema Hernandez eta Axier Jaka, Largabista aurrean dutela, atzo, Aste Berdearen aurkezpenan. JUAN CARLOS RUIZ/ ARP.
Adrian Garcia.
Donostia
2012ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Gizartea ingurumen gaiei buruz sentsibilizatzeko xedez, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna izendatu zuen ekainaren 5a Nazio Batuen Erakundeak. Kristinaenea Fundazioak urte osoan lan horretan jarduten badu ere, aste honetan «gai bereziagoak eta berdeagoak» landuko dituzte, eta ekitaldiz beteriko astea antolatu dute: Aste Berdea.

Helduentzako zein gaztetxoentzako egitarau zabala prestatu dute Kristinaenea Fundazioak. Besteak beste, hitzaldiak, bisita gidatuak eta sari banaketak izango dira aste osoan.

Urteroko iraunkortasun txostena ere aurkeztuko dute ostegunean. Fundazioko iraunkortasun behatokiak egiten du urtero txostena, eta Donostiako ingurumen eta iraunkortasun egoera aztertzen du. Datu garrantzitsuak azaltzen ditu txostenak, udalaren jarduna ebaluatzen baitu.

Hala, gaur ekingo dioteAste Berdeari, Arcadi Oliveres ekonomistaren hitzaldiarekin. Medio ambiente, globalización y crisis económica hitzaldia emango du Koldo Mitxelena kulturuneko liburutegian, 19:30ean. Iparraldeko eta hegoaldeko herrialdeen arteko lotura ekonomikoa salatu izan du askotan ekonomistak. Entzuleen artean eztabaida pizteko xedearekin, Mendebaldeko herrialdeek daramaten hazkundean oinarrituriko eredu ekonomikoari buruzko hausnarketak plazaratuko ditu. Kutxa Ekoguneak eta Asmoz Fundazioak antolatutako Ingurumen Kazetaritza izeneko ikastaroaren azken atala da hitzaldia.

Iraunkortasun txostena

Juan Antonio Gonzalez Alcantudek Las inundaciones fluviales, entre la catástrofe natural y el control social hitzaldia emango du bihar, 19:00etan, Koldo Mitxelenako liburutegiko aretoan. Iraunkortasunaren gaia sormen literarioaren ikuspuntutik jorratuko du Gonzalezek. Izan ere, gaur egun, ekologiaz hitz egitean, antzinako ekologia kontzeptutik aldendu eta hiriguneen iraunkortasunean pentsatzen du gizartearen zati handi batek.

Ostegun goizean, 2011ko iraunkortasun txostena aurkeztuko dute udaletxeko batzar aretoan, 11:00etan. 47 adierazle kontuan hartuz, hiriko iraunkortasunaren egoera aztertuko dute. Besteak beste, zarataren, uraren kalitatearen eta aireko kutsaduraren mailaren berri emango dute. Halaber, gizarte adierazle batzuk emango dituzte: hiriko langabezia tasa, hondakinen egoera, uraren erabileraren egoera... «Hiriko argazkia egingo dugu, non gauden ikusteko», azaldu du Txema Hernandezek, Kristinaenea Fundazioko zuzendariak.

Arratsaldean, berriz, haurrentzako jarduera bat prestatu dute, Kristinaenea, 18:00etan. Kristinaenea ezkutua bisita gidatua egingo dute. Parkean lan egiten duten begiraleen laguntzarekin, parkea bisitatu, eta hango animalien eta historiaren berri jasoko dute.

Larunbaterako antolatu dute Aste Berdearen muina izango den jarduera: Kristinaenea parkeak gordetzen dituen sekretu magikoez jabetu ahal izango dira umeak, pertsonaia berezi batzuen eskutik: Irrien Lagunen Largabista basozaina, Marisorgin euskal sorgina eta Marrubitxo ipotxa. Natura maitatuz Kristinaeneko parkean jardueraren barruan, Irrien Lagunen pertsonaiekin ibilaldia egiteko aukera izango dute umeek, eta, bide batez, parkeko zuhaitzak eta animaliak modu dibertigarrian ezagutu. Larunbatean izango da ibilaldia, 17:00etan.

Aste Berdeari amaiera emateko, Ingurumen Ipuin-lehiaketaren sariak banatuko dituzte. Igandean izango da ekitaldia, 11:00etan, Kristinaenean. Ikasturtean, Gipuzkoako ikastetxetako ikasleek Bizikleta gaiaren inguruan ipuinak idatzi dituzte. Lau sarituen ipuinak antzeztu egingo dituzte, eta ipuina kontatu ahala marrazkilari batek irudiak jarriko dizkio kontakizunari.

Axier Jaka Donostiako Udaleko Ingurumen zinegotziak, baina, ohartarazi du ingurumenarekin zerikusia duten gaien kontzientziazioa ez dela Ingurumenaren Egunean eta halakoetan bakarrik egin behar. «Herritar zein erakundeen partetik egunero jarri beharko genuke arreta ingurumenean. Ohitura txikiak aldatuta, emaitza handiak izan ditzakegu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.