«Beste urte batez, Aste Nagusi arrakastatsua eta parte hartzailea izan dugu». Hala adierazi du Itziar Villafañez Bilboko Konpartsetako bozeramaileak. Giro ezin hobea izan dutela azpimarratu du, baina giro hori «goibeldu» duten erasoak salatu ditu Villafañezek, eta horiek behin betiko desagerrarazteko guztion inplikazioa beharrezko dela azpimarratu du.
Igandean Marijaiari agur esan ostean, Aste Nagusiaren balorazio ona egin dute Bilboko Konpartsek. Iazkoarekin alderatuz, jende gehiagok parte hartu duela adierazi dute, eta bereziki Hiri Krossak eta lehiaketa gastronomikoak izandako arrakasta azpimarratu dute. Era berean, ekitaldi berrien hasiera oso ona izan dela aipatu dute, wharhammer eta skate saioena, esate baterako.
Bestalde, Aste Nagusian gertatutako sexu erasoak eta eraso homofoboak direla-eta kezkatuta agertu dira konpartsak, eta egoera iraultzeko beharra eta konpromisoa adierazi dituzte. Horrela, erasoak txosnetatik kanpo izan arren, horrelako gertaeren aurrean informazioa eta laguntza beharrez gero txosnetara jotzeko adierazi dute. «Gure eskuetan dagoen guztia egingo dugu hori eragozteko, eta jarrera aktiboa eskatzen dugu jaietatik erasoak guztiz desagertzeko», azaldu dute.
Asteazkenean egindako plantoaren harira, pozik agertu dira konpartsak: «Gure jai eredua lehengoratzeko eta etorkizuneko jai batzorde mistoaren bizitza eta funtzionamendua bultzatzeko egin dugun planto eguna modu oso baikorrean baloratzen dugu», azaldu du Villafañezek. Hala, lotsaren pasilloa-ren bitartez konpondu beharrekoak zeintzuk diren zerrendatu dute konpartsek. Guztiak konpontzea zaila ikusten duten arren, «gutxienez ariketa polit bat» egin dutela adierazi du Villafañezek, «zertaz ari garen azalerazteko».
Konpartsen ustez, Bilboko herritarrek argi adierazi dute eredu parte hartzailea eta mistoa nahi dutela. Horregatik, udala eta konpartsak elkar ulertzera «behartuta» daudela aitortu dute. Ildo horretan, udalarekin bildu eta dauden arazoak konpontzeko asmoa agertu dute konpartsek, hurrengo urtean plantorik egon ez dadin. Horrela, erronka berria aurkeztu dute: «Udala mugiaraztea».
Bestalde, Kaskagorri konpartsaren bi ekitaldien debekuen harira, «Aste Nagusitik at dauden elementu juridiko-politikoek sortutako tentsioak» gaitzetsi dituzte, eta jaiak alderdi politikoen arteko liskarrak azaleratzeko erabiltzen direla salatu dute.
Udala, pozik
Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Jaietakozinegotzia, bestalde, pozik agertu da Aste Nagusiak izandako erantzunarekin, eta azken hamar urteetako festa jendetsuenak izan direla azpimarratu du. Horrela, Urtasunen arabera, aurten ez da ezer larririk gertatu, eta bilbotarren portaera «bikaina» nabarmendu du.
Urtasunek jakinarazi duenez, milioi erdi pertsona inguru ibili dira aurten Aste Nagusian, aurreko urtean baino %21 gehiago. Botikazarreko eta Abandoibarrako kontzertuak, eta Txikigunea dira, jaietako zinegotziaren arabera, jende gehien erakarri duten guneak. Bertso saioek, Plaza Barriko munduko musikak, Euskal Museoko erraldoien erakusketak eta euskal dantzek ere gorakada nabaria izan dute, Urtasunen arabera. Era berean, parte hartzea oro har «nabarmen» igo dela azaldu du, 2010ekoa baino %16,3 altuagoa izan baita, hain zuzen.
Bestalde, Aste Nagusian turismoak izandako gorakada azpimarratu du Urtasunek. Turismo bulegoetara 80.000 lagun inguru bildu dira, eta hoteletako okupazioa %85ekoa izan da. Frantzia, Italia, Alemania eta Erresuma Batutik etorri dira bisitari gehienak.
Segurtasunari dagokionez,udaltzaingoak 65 atxiloketa egin dituela jakinarazi du, gehienak lapurreta eta liskarrengatik.
Aste Nagusi arrakastatsua, baina alderdi beltzekin
Sexu erasoak eta eraso homofoboak salatu dituzte Bilboko konpartsek, eta horiek desagertzeko jarrera aktiboa eskatu duteAzken hamar urteetako festa jendetsuenak izan dira: 500.000 lagun inguru bildu dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu